Egungo zerbitzuak “kalitatez” ematen jarraitzeko onartu du Udalbatzak prezio publikoen eguneraketa hori,
Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin. “Prezio horiek hainbat urtetan ez dira eguneratuak izan, baina orain ezinbestekoa da”, azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol zinegotziak. Dena den, eguneraketa horrek ez duela eraginik izango “ez erreserbetan, sarreren prezioetan ezta ikastaro gehienetan ere”, aurreratu du. Hain zuzen, 2014tik aurrera ezarriko dutela aipatu igoera azaldu dute.
Hala, ordutik aurrera, abonatuen kasuan, banakako abonuek hilero 0,7 euroko igoera izango dute, eta familiako abonuek, aldiz, 1,35 eurokoa. Bermeon erroldatuta ez daudenen kasuan, berriz, 1,20 euroko igoera izango dute banakako abonua egiten dutenek, eta 2,11 euroko igoera familiako abonua egiten dutenek.
Ormaetxearen arabera, “pertsona askok” erabiltzen dute egun Araneko kiroldegia, eta hori “oso ona” dela dio; horregatik, baina, mantenu ona egitea “beharrezkoa” dela ziurtatu du, “kalitatezko zerbitzuak” eskaini nahi badira, behintzat. Gauzak horrela, Kirol patronatuak azterketa sakon bat egin ostean, prezioen eguneraketa hori proposatu du.
“Negoziaketarako marjenik eza”
EAJ taldea, baina, ez da horrekin ados agertu; izan ere, jeltzaleen ustez, proposamen horren atzean “dirua biltzeko asmo hutsa” dago. “Krisi garaian egonik, badakigu udalaren eta orokorrean instituzioen egoera ekonomikoa ez dela onena, baina, era berean, badakigu krisiak instituzioak ez ezik, herritarrak ere zuzenean ikutzen dituela; horregatik, ezin dezakegu %10eko igoera oinarritzat duen proposamenik”, azaldu du EAJk. Gainera, euren proposamenagaz negoziatzeko marjenik eduki ez izana ere kritikatu dute jeltzaleek. Gauzak horrela, 2014rako Kirol Patronatuko tasa eta prezio publikoei EAJk ezezko botoa eman diote.