XII. Erakusleiho lehiaketa abiarazi du Bermeoko Berton elkarteak
Dagoeneko Bermeoko saltokiek aukera dute Berton txiki erdi enpresen elkarteak urtero antolatzen duen erakusleiho lehiaketan parte hartzeko. Elkarteak jakinarazi duenez, herriko “saltoki guztiei” dago zuzendua lehiaketa, eta parte hartu nahi duten guztiek abenduaren 9a izango dute izena emateko azken eguna.
Zein sari izango diren oraindik zehazteke duten arren, aurten hiru sari abantuko dituztela aurreratu du Bertonek. Hala, lehiaketako hiru irabazleak Gabonak baino lehen jakinaraziko dituztela esan dute. Iaz, Aintzane Loradendaren erakusleihoa hautatu zuen epaimahaiak irabazletzat, eta Decorhogar Iñigok eta Titak bigarren eta hirugarren saria jaso zuten, hurrenez hurren. Laugarren eta bosgarren sariak ere izan ziren iaz, eta horiek Oinetakoak Itugarrentzat eta Ariana lentzeriarentzat izan ziren, hurrenez hurren. Guztira, 24 denda aurkeztu ziren iazko Gabonetako erakusleihoen txapelketara eta maila “ona” egon zela adierazi zuten Bertonekoek. Aurten ere, lehiaketan parte hartzeko deia luzatu diete herriko saltokiei.
Lehiaketa horren inguruko informazio gehoiago jaso gura duenak Berron elkartera jo beharko du (Intxausti kalea 16, 1º) edota 946 884 636 telefonora deitu ahalko du.
Bilboko Merkataritza Ganberaren lehiaketa
Bestalde, Bilboko Merkataritza Ganberak ere jarri du martxan aurreko urteetan legez, erakusleihoen lehiaketa. Hain zuzen, Bizkaiko XXX. Erakusleihoen lehiaketa izango da aurtengoa, eta parte hartu nahi dutenek, gutxienez, abenduaren 1etik 31ra ikusgai izan beharko dituzte euren saltokietako erakusleihoak. Urtero antolatzen den lehiaketa horretan, kategoria ezberdinetan egokien apaindutako erakusleihoak sarituko direla azaldu dute.
Lehiaketa horretan parte hartu nahi dutenek azaroaren 30era arte izango dute izena emateko aukera www.camarabilbao.com webgunean. Hala, bertan, saltokiko jabearen izena, saltokiaren beraren izena, IFZ, sektorea, helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa eta webgunea zehaztu beharko dituzte.
