
Josune Onaindia, erdian
197/2006 doktrina ezarrita zeukaten beste zenbait preso aske uzteko agindua eman zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta gaur beste eskaera batzuk eduki ditu mahai gainean, tartean, Josune Onaindia muxikarrarena eta haren senar Iñaki Zugadi barakaldarrarena. Bi horiek eta Jose Gabriel Zabala, Jose Ramon Martinez de la Fuente eta Fernando Vicente Luis de Astarloa askatzeko eskaera egin zion Fiskaltzak atzo arratsaldean Auzitegi Nazionalari, eta azken horrek Onaindia eta Zugadi aske uztea erabaki du. 18:00ak baino minutu batzuk arinago atera ziren biak Murtziako espetxetik.
Muxikako, Gernika-Lumoko, Barakaldoko… 25 lagun inguru joan dira Murtziara, Onaindiari eta Zugadiri harrera egitera, baina senideei baino ez diete utzi barrura sartzen. Kartzela inguruetan zenbait komunikabide bildu direla esan dute. Murtziako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea eta zenbait kide ere han izan dira. Onaindiaren eta Zugadiren hurbilekoek haien irainak jaso dituztela azaldu dute, eta, esan dutenez, furgonetetako bat harrikatu egin diete.
1992an atxilotu zituzten Josune Onaindia eta Iñaki Zugadi senar-emazteak, Barakaldon. 2012ko apirilaren 20tik behar zukeen libre Zugadik, eta urte bereko ekainaren 9tik Onaindiak. Biei, baina, 197/2006 doktrina ezarri zieten urte hartan bertan, kartzela zigorra 2022ra arte luzatuz.
Haiekin batera, Jose Gabriel Zabala, Jose Ramon Martinez de la Fuente, Fernando Vicente de Luis Astarloa eta Kepa Solana askatu zituzten atzo, eta Gorenak, Gisasolaz gain, Juan Jose Legorburu, Andoni Cabello, Juan Ramon Rojo, Jose Ignacio Etxeberria eta Ignacio Pujana. Hortaz, denetara, Parot doktrina ezarrita zeukaten 58 euskal preso aske uzteko agindu dute Espainiako auzitegiek, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio preso ohiaren kasuarekin doktrina hori bertan behera utzi ondoren.

Onaindia eta Zugadi, espetxe inguruan zain izan dituzten lagunekin