Gazteen errealitatera hurbiltzeko eztabaida tailerrak antolatu ditu Bermeoko Udalak
Gazteen errealitatera hurbiltze aldera, Bermeoko Udalaren Gazteria Sailak hainbat ekimen jarri ditu martxan; azarorako eta abendurako, esaterako, eztabaida tailerrak antolatu ditu, hartara, “gazteekin zuzenean euren interesak, beharrak, arazoak eta proposamenak lantzeko”. Lehenengo tailerra bariku honetan egingo dute.
Adinaren arabera banatuta parte hartuko dute herritarrek Gizarte eta Kuktura Etxean gauzatuko diren tailerretan. Hain justu, 12 eta 17 urte artekoei zuzendutako tailerra izango da azaroaren 29an, barikuan, egingo dutena 19:00etan hasita. 25 eta 35 urte artekoei zuzendutakoa, barriz, abenduaren 4rako utziko dutela jakinarazi du udalak, eta hori ere 19:00etan hasiko dute. Azkena abenduaren 13an egingo dute 18:00etatik aurrera, eta bertan, 18 eta 24 urteko gazteek parte hartuko dute.
Tailer horietan, besteak beste, gazteek euren egoeraren inguruan hausnartuko dutela azaldu du Bermeoko Udalak; izan ere, “Bermeoko gazteek egoeraren inguruan dituzten sentsazioak, jarrerak eta jokaerak ezagutzea da helburua”.
Gauzak horrela, aipatu tailerretan “dinamika parte-hartzaile, integratzaile eta aktiboen bidez gai desberdinen inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko saioak” antolatuko dituzte; betiere, taldeen aniztasuna kontuan izanda.
Bermeoko Udalaren Gazteria Sailak herriko gazte guztiak gonbidatu ditu eztabaida tailer horietan parte hartzera, “gazteak baitira euren errealitatea hoberen ezagutzen duzuenak”.
Udalaren diagnostikoa gazteen inguruan
2012. urte bukaeran soru zuen Bermeko Udalak Gazteria Saila bere horretan, herriko gazteen beharrak eta arazoak gazteekin eurekin aztertzeko, eztabaidatzeko eta irtenbideak bilatzeko. Ordura arte, gazteriaren arlo hori Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Sailaren barruan zegoen arren, sail propio bat egiteko erabakia hartu zuen, gazteen egoerari erreparatuta.
Orain, Gazteria Sail horrek gazteen errealitatea ezagutzeko diagnostiko bat egiteari ekin diola azaldu du udalak; “Parte hartzeari garrantzi berezia eskaini gura zaio, gazteak proiektuaren erdigunean jarri, protagonista bihurtuz. Gazteek gazte politika eta erabaki publikoetan badutelako zer esan”.
Hala, “helburu nagusia Bermeoko gazteen errealitatera hurbiltzea” dela azaldu dute, eta, ibilbide horretan, gazteek eurek erabaki eta landuko dituztela datozen urteetan Udaleko Gazteria Sailak aurrera eroan beharreko ildo orokorrak. Hala, orain arte bezala, aurrerantzean ere helburu horri helduta burutuko dituzte ekintza ezberdinak.