
Irudian Arrolapeko zenbait kide
Taldekako eta banakako euskal kopak irabazita, 2013a urte oso ona izan da Arrolaperentzat. Kirol denboraldia oso arrakastatsua izan da, eta urteari amaiera ederra emateko ekintza pare bat antolatu dituzte bertoko mendi lasterketa taldeko kideek.
Bihar (hilaren 27a), esaterako, bideo emanaldi bat egingo dute Arrolapekoek.
Pura Vida dokumentalak Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen erreskate lanen berri ematen du. Ochoak Annapurnan (Nepal) galdu zuen bizia, baina elkartasun uholde bitxi bat gertatu zen kasu horretan. Hala, munduaren bestalden zeuden hainbat mendizale Ochoa laguntzera joan ziren, erreskate talde aintzindari bat sortuz. Elai Alai aretoan izango da emanaldia, 20:00etan.
Zapatuan (hilaren 30a), bestalde, “lagunarteko korrikalditxo sinbolikoa” egingo du Arrolapek. Eguraldiaren arabera, bildutakoek norabide jakin bat hartuko cute. Korrikaldia erritmoa baxuan egingo dute, helburua mendi korrikalariek elkar ezagutzea baita. Gernika-Lumoko kiroldegian jarri dute hitzordua, 10:00etan.