
Bermeoko musika eskolako umeak, artxiboko irudian
Santa Zezilia egunaren harira, musikagaz lotutako hainbat ekitaldi izango dira egunotan Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Izan ere, ohiturari eutsiz, euren zaindariari ohore egingo diete musikariek, zenbait kasutan musika kalera ere ateraz.
Herrietako bazterrak musikaz blaituko dituztenen artean daude Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen (EHME) baitako ikasle eta irakasleak. Hain justu, Musikalean topaketan parte hartuko dute Bermeoko Jose Antonio Egia Udalaren Musika Eskolak eta Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak. Eskainiko dutenari dagokionez, Bermeokoak koru txikia eta txistulariak aterako ditu kalera, eta Gernika-Lumokoak K1, K2 eta K3 koruetako ikasleekin osatuko du ekitaldia.
Gaur bertan izango da seigarren Musikalean, eta 18:00etatik 20:00etara arteko tartean eskainiko dituzte kontzertuak musika eskolek. Aurten, gainera, Raimundo Sarriegi omendu gura du EHMEk, haren heriotzaren mendeurrena dela eta. Horrenbestez, eskola guztiak konpositore horren musika zabaltzera gonbidatu dituzte.
Eta Musikalean-en bakarrik ez, ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera edukiko dute Gernika-Lumoko musika eskolako ikasleek, gaur bertan SOMEko hainbat talde igoko baitira Lizeo Antzokiko oholtzara, 19:30etik aurrera.
Busturian, amaitzeko, Gernika-Lumoko Gaudeamus abesbatzak eta Andra Mari koralak kontzertua emango dute zapatuan, 19:30ean, Axpeko Andra Mari elizan.