
Onaindiaren alde egindako mobilizazio bat
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Nazionalera bideratuko ditu
Parot doktrina ezarrita daukaten eta auzitegi horren ebazpenaren zain dauden presoen kasuak. Hala egin du aztertu duen lehen kasuarekin, Iñaki Fernandez de Larrinoa preso gasteiztarraren auziarekin. Konstituzionalak ebatzi du zigorra ezarri zion auzitegiari dagokiola Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena ezartzea.
Parot doktrinari buruz Konstituzionalak harturiko aurreneko erabakia da, eta espero da kasu horrekin markatuko duela irizpidea mahai gainean dituen helegiteei buruzko erabakia hartzeko. Fernandez de Larrinoaren kasuan, Konstituzionalak bat egin du aurreko astean Auzitegi Gorenak ezarritako irizpide orokorrarekin. Denera 30 babes helegite daude Konstituzionalean eta horietatik 27 euskal presoei dagozkie.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Elias Fernandez bermeotarra aske uztea erabaki zuen joan den azaroaren 8an; beraz, Josune Onaindia muxikarra da 197/2006 doktrina ezarrita giltzapean duten Busturialdeko preso bakarra.