
Begoña Landa alkateordea, artxiboko irudian
Gaur izango da topaketa, Donostiako Kursaal jauregian, eta helburua Donostia berreraikitzeko hartutako erabakiaren bigarren mendeurrena oroitzea da, eta azken berrehun urteetan suntsitu edo larri kaltetu dituzten Europako beste hiri batzuen kasuak ezagutaraztea. Gerren ondorioak gainditzeari buruzko gogoeta bultzatu nahi du ekimenak, herritarren eta erakundeen artean konpromisoak hartzeko elkarrizketa erraztuz eta bake-kultura bultzatuz, hezkuntza-balioetan oinarrituta. Gernika-Lumoz gain, Dresden, Sarajevo, Milan, Wroklaw, Granollers eta Madril egongo dira ordezkatuta.
“Europako gizarteak jasan dituen gerren eta gatazken krudeltasunari eta efektu suntsitzaileei” helduko die topaketak, “eta parte-hartzaileek mezu positiboa zabalduko dute, etorkizunari begira”. Izan ere, “gatazken kontrako eta bakearen aldeko jarrera globala” bultzatu nahi ditu topaketak, “agintarien eta gizarte zibil osoaren partaidetzaz eta adostasunez lortutako hitzarmen politiken esparruan”. Diotenez, “helburua, funtsean, elkarte zibilen edo gobernuz kanpoko erakundeen zereginari balioa aitortzea da, eginkizun nabarmena betetzen baitute gatazken fase ezberdinetan: bitartekari gisa, bake-negoziazioak bideratzen, gatazken ondotik gizartea berreraikitzen, adiskidetzea sustatzen, eta borrokak saihesten. Erakundeok gizartean konfiantza indartzen laguntzen dute eta, hala, gizarte kapitala garatzen”.
Donostiako Udalak azaldu du hiriko gazteek ere parte hartuko dutela topaketan, “etorkizuna eraikitzeko orduan aintzat hartu behar baita haien ahotsa ere”.