
Gernika-Lumoko Hondakin Uren Araztegia
Ibarrangeluko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez ur partzuergoak kontratatutako Aquagest enpresako beharginen lanpostuak babesteko neurriak bultzatuko ditu. Horretarako, baina, Busturialdeko Ur Partzuegoak, langileak eta Aquagest enpresa akordio batera heldu beharko lirateke, udalak nabarmendu duenez.
Ibarrangeluk Busturialdeko Ur Partzuergoaren presidenteordetza dauka, eta beste hainbat herrirekin batera, kudeaketa zuzenaren eta publikotasunaren alde bozkatu zuen. Hala ere, krisi garaian seriotasunez jokatu behar dela deritzo, kudeaketa eredu berriak irabazi sozialak ekar ditzan, galerak barik.
Ibarrangeluko udal gobernuak hainbat bilera egin ditu partzuergoaren zuzendaritzagaz, Aquagesteko beharginei lanpostua bermatzeko helburuagaz. Udalaren ustez,” kudeaketa publikoa, ur partzuergoaren bideragarritasuna eta Aquagesteko langileen lanpostuak defendatzea bateragarriak dira”. Hala, behin betiko irtenbide baten bila jarraituko dute aurrerantzean ere.
Udalak esan duenez, saneamendu azpiegituren leheneratzea beharrezkoa da, ur baliabideen kudeaketa publikoa, eraginkorra eta gardena izan dadin, baina ez dituzte kalean utzi gura eskualdeko beharginak.
“Ur Partzuergoak ez du inor kaleratuko”
Busturialdeko Ur Partzuergoak berriro ere jakinarazi duenez, baina, eskualdeko erakunde publikoak ez du inor ere kaleratuko. Azaldu dutenez, Aquagest enpresagaz zenbait zerbitzu izan ditu kontratatuta partzuergoak, baina kontratu hori abenduaren 31an amaituko da.
Hori dela eta, Aquagestek berak erabaki beharko du hamazazpi langile horiekin zer gertatuko den. Izan ere, ur partzuergoagaz daukan kontratua amaituta ere, Aquagest enpresako kide izaten jarraituko dute langileek.
Aquagest AGBAR enpresa espainiarraren filial bat da. Espainiako enpresa horrek 16.200 langile dauzka kontratatuta, tartean Busturialdeko langileak. AGBAR enpresa, bestalde, Suez-Enviroment multinazional frantziarraren jabegoan dago.
Zenbait komunikabidek zabaldu dutenari kontra eginez, “partzuergoak ez du kolokan jarriko saneamendu eta edateko ur zerbitzuaren kalitatea”. Jakinarazi duenez, partzuergoaren erabaki guztiak zerbitzu hobeak ematera bideratuta daude. Hala, Busturialdeko bezeroak lasaitu nahi izan dituzte. Partzuergoak dioenez, kudeaketa modu desberdinak aztertu dituzte, eta aukerarik hoberenaren alde egin dute, kalitatea kontuan hartuz gero.
Saneamendu azpiegiturak publiko bihurtzeko erabakiak, gainera, bi lanpostu sortuko dituela nabarmendu du eskualdeko erakundeak. Hala, hamabi langile arduratuko dira saneamendu uren kudeaketaz, aurrerantzean. Langile horiek kontratatzeko, lehiaketa publikoa zabalduko du partzuergoak. Hortaz, langileek lanpostua mantendu nahi izanez gero, lehiaketara aurkeztu beharko lirateke.
Edateko uren araztegien kudeaketak, bestalde, bere horretan jarraituko du, eta Aquagest enpresako zazpi langilek zainduko dituzte azpiegutra desberdinak.