
Arrolape taldeko kideak
Mendian korrika egiteko zaletasunak batu zituen, eta, jadanik, hiruzpalau urte daramatzate elkarregaz. Arratzuko Arrolape mendi lasterketa taldea Busturialdeko herritarrek mendiaz gozatzeko beste aukera bat izan zezaten jaio zen, baina azken urteetako lan gogorrak emaitza bereziki onak utzi ditu 2013an, taldearen kirol ibilbide laburreko garaipen garrantzitsuenak lortuz.
Alde batetik,Euskal Kopako taldekako sailkapen orokorrean nagusitu dira arratzuarrak, Graficas Sestao boteretsuari hamar puntugatik irabazita. Bestalde, Imanol Goñi natxituarra bakarkako sailkapenean gailendu da, denboraldi bikain bat biribilduz. Taldeko kideen esanetan, “emaitzok mendi lasterketekiko zaletasunak goraka jarraitzen duela erakusten dute”, eta agerian uzten dute Busturialdeko mendi lasterketa taldeak egindako lan ikaragarria.
Oscar Morales Arrolapeko kideetako batek jakinarazi duenez, Euskal Kopa irabaztea ez zen taldearen helburuetako bat. Izan ere, “talde nahiko anarkikoa” direla deritzo. Hori dela eta, taldekako sailkapen orokorrean nagusitzea ezusteko “pozgarria” izan da. “Sestaoko taldearekiko abantaila geneukalako, eta Goñiri babesa emateko Euskal Kopagatik borrokatzea erabaki genuen; eta, azkenean, alde txikiagatik irabazi dugu”.
Imanol Goñiren ustez, Graficas Sestaoren “ardura faltagatik” irabazi du Arrolapek. Izan ere, “benetako lehia bat planteatuz gero, Arrolapek galtzeko aukera asko izango lituzke”. Goñik barre artean dioenez, “mertzenarioz” osatutako talde bat da Graficas. “Lasterketetan ondo zabiltzala ikusiz gero, fitxatu egiten zaituzte”. Sestaoko taldeak maila handiko korrikalariak dauzka, eta horren erakusgarri dira azken bi denboraldietan irabazitako taldekako Espainiako txapelketak.
Maila pertsonalean, bestalde, Goñirentzat ez da ezustekoa izan txapela janztea. Euskal selekzioko ordezkariak Espainiako eta munduko lasterketa garrantzitsuenetan lehiatzen aritu direla baliatuta, bete-betean lehiatu da Euskal Kopan. “Gogotik saiatu naiz, eta gogor entrenatu naiz”. Hala, garaipena lortuta, pozarren dagoela esan du. “Mendi lasterketen munduan zerbait irabaztekotan, Euskal Kopa izan beharko zuela uste nuen, eta zorionez helburua bete dut”. Kopako hiru lasterketa irabazita, alde handiz nagusitu da natxituarra.
Taldekako eta bakarkako Euskal Kopak irabaztea, hala ere, ez da batere erraza izan, Goñiren berbetan. Dioenez, “lasterketetan ez dago etenik”. Kirol oso herrikoia izan arren, aurkari gogorrak daudela azaldu du.
Euskal Koparen egutegi erdia jokatuta sinistu zuten garaipenean Arrolapekoek. Batez ere Goñik pilatutako puntuei esker, abantaila ederra hartu zuen Arratzuko taldeak. Txapela janzteko aukera izanagatik, baina, taldekideek ez dute gehiago entrenatu. Goñik nabarmendu duenez, “denboraldi erdian gehiago entrenatzeak ez zigun garaipena emango”. Izan ere, gutxienez urte beteko lan gogorra eskatzen du emaitza onak lortzea.

Imanol Goñi, erdian
Garaipen garrantzitsuak lortuta, Arrolapekoak eta Goñi pozarren daude, baina balentria errepikatzea oso zaila izango dela deritzote. Moralesen iritziz, “Graficas Sestaok berriro huts eginez gero, irabazteko aukera izan genezake, baina bestela…”. Dioenez, gainera, emaitza onak “ez dira garrantzitsuena” Arrolaperentzat. “Korrikalariek mendian gozatzea da gure helburu nagusia”. Hala, hirugarren geratuz gero ere, denboraldia arrakastatsua izango litzatekeela deritzo.
Goñiren berbetan, “Arrolaperen helburuak lagunarte honi eustea, eta mendi lasterketen kirola herritar guztien artean zabaltzea dira”. Orain, esaterako, emakumezkoak taldera erakartzeko ahalegina egiten dabiltza.
Euskal Kopako probak albo batera utzita, denboraldia oso ona izan da Arrolaperentzat. “Taldekideek aurrerapauso handia eman dute, eta maila pertsonalean jarritako helburuak bete dituzte” dio Moralesek.
Batez ere Goñi nabarmendu da 2013an. Natxituarrak Euskal Herriko lasterketak lehiatu ditu gehienbat, baina Espainiako eta Europako zenbait lasterketetan ere izan da. Hala, “oso positiboki” baloratu du denboraldia. Dioenez, “konpromiso maila handia” hartu du, eta inoiz baino lasterketa gehiago lehiatu ditu. Garaipenak Euskal Herrian lortu ditu, baina atzerriko lasterketek barruko arra elikatzeko aukera eman diote.
Urtero-urtero hazten
Arrolapek aurten egin du eztanda, Euskal Kopan ezustekoa emanez. Hala ere, urteak daramate mendi lasterketak lehiatzen, eta garaipena egindako lanaren ordaina dela deritzo Moralesek. Goñik nabarmendu duenez, bestalde, taldekideek “asko hobetu” dute mendian lasterka hasi ginenetik. Dioenez, “norberaren mugak gainditzen dituzula sentitzeak, lanerako gogoa ematen du”.
Natxituarrak azaldu duenez, esaterako, hiru urte inguru daramatza “serio entrenatzen” eta asko nabaritu du hobekuntza. “Fisikoki zein psikologikoki lasaitasuna mantentzen ikasi dut”.
Orain arte bezala jarraituz gero taldeak gorako joera mantenduko duela deritzo Moralesek, parte hartzaile aldetik zein maila aldetik. “Gozamenak elikatzen gaitu, eta norberaren mugak gainditzeak mugiarazten gaitu”.
Moralesek argitu duenez, mendi lasterketekiko zaletasun handia dago, eta Arrolapeko kide egiteko eskaera kopurua ere nahiko handia da. Hala, pozarren azaldu da, eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa agertu du. “Guretzat oso pozgarria da zaletasuna hazten dabilela sentitzea, egindako lanak emaitzak ematen dituela ikusten ari baikara”. Hala, taldearen ateak zabalik daudela errepikatu du. “Korrika eginez gozatzea da Arrolapek jartzen duen baldintza bakarra, taldean sartu ahal izateko”.