
Atxarreren ‘Asune’ pintxoa
Bilboko eta Bizkaiko 2013ko pintxorik onenak aukeratzeko lehiaketako saridunak aukeratu dituzte, eta Busturialdekoak ez daude irabazleen artean. Laidako (Ibarrangelu) Atxarre taberna eta Busturiko Madariaga Dorretxeko MDgastro izan dira eskualdeko parte hartzaile bakarrak. Denatara, Bizkaiko 73 establezimenduk eman dute izena, eta 116 pintxo aurkeztu dituzte. Atxarrek eta MDgastrok pintxo bi eta pintxo bakarra aurkeztu dituzte, hurrenez hurren.
La cena del Cura eta
Asune izeneko pintxoak aurkeztu ditu Atxarrek, eta
Talo de chipiron MDgastrok. Epaimahaiak osagaien kalitatea, prestakuntza eta aurkezpena har ditu kontuan txapelketako pintxo irabazleak hautatzerako orduan. Bascookeko Aitor Elizegi, Sukameko Alvaro Martinez, Zapiraineko Fernando Marina, Zallobarriko Iñigo Ordorika, Aizain, Andra Mari eta Atxondoko Jose Miguel Olazabalaga, Zuriako Josu Ibarra, Jolastokiko Sabin Arana, Zarateko Sergio Zarate eta Artxandako Goi Mailako Ostalaritza Eskolako Igor Ozamiz izan dira epaileak.
Pintxo librearen kategorian Bilboko Sanwicofeek lortu du urrezko zotza, Ermuko Titanic tabernak zilarrezkoa, eta Bilboko La Rocak brontzezkoa. Txipiroidun pintxoaren kategorian urrezko zotza Zornotzako Urtza tabernarentzat izan da, zilarrezkoa Bilboko Bitoque de Albia tabernarentzat eta brontzezkoa Galdakaoko Batzokiarentzat. Txapelketaren XVI. edizioko atal berrian, Pintxo Establezimendurik Onena izenekoan, urrezko zotza Deustoarrak taberna-kafetegiak jaso du, zilarrezkoa Bilboko El Globok eta brontzezkoa Bilboko El Huevo Fritok. Azkenik, Publikoaren Sari Berezia Bilboko Farketa 56 jatetxearentzat izan da,
depintxos.net webgunean emandako botoen %23,75 lortu baitu.