
Kapillako itoginak konpondu zituzteneko irudia
Nuntxaku Zentro Sozialean auzolanean ariko dira zapatuan. 09:00etan ipini dute hitzordua, Kapilla barruko gelak garbitzeko. Azaldu dute orain arte biltegi moduan erabili izan den gelan taldeentzako afaltzeko lekua atonduko dutela, eta orain arte afaltzeko lekua izandakoa biltegi bihurtuko dutela. Horrez gain, erdiko gela handia berreskuratzea du Nuntxakuk helburu: “sastar denak kanpora atera eta Garbigunera eraman, hormak eta sabaia atondu eta argindarrari dagozkion lanak egin”. Dena ez da, baina, beharra izango. Hala, eguerdian hamaiketakoa izango dela iragarri dute.
Parte hartuko dutenei arropa zaharrak eramateko gomendioa egin die Nuntxakuk. Horrez gain, espatulak, palak, eskailerak… izanez gero, eramateko eskatu du.
Bestalde, zapatuan bertan beste emanaldi bat hartuko du Kapillak. Oraingoan Bartzelonako Ricard DJa izango da Kapillako giroa pizteaz arduratuko dena. 23:00etan izango da DJaren saioa, eta sarrerak 3 euro balioko du.