
Errigoraren saskia
Nafarroako nekazaritzari eta euskalgintzari bultzada ematea helburu jaiotako Errigora proiektuak Erriberako produktuez prestatutako saskiek hainbat produktu dituzte. Besteak beste, bina olio botila, hiruna piper poto, bina zainzuri lata, potxak, karduak, orburuak eta barazki krema dakartza saski bakoitzak. Otzara horiek 50 euroren truke salduko dituzte, eta ateratako diruaren %25 Erriberako euskalgintzara bideratuko dute. “Boluntarioek egindako lanari esker”, diruaren parte bat euskara arlora bideratuko dute, eta, aldi berean, nekazariak lagunduko dituzte. Gaur da eskaerak egiteko azken eguna.
Bermeon, Ean, Foruan, Gernika-Lumon eta Ibarrangelun egin daitezke eskaerak. Hori eginda, hilaren amaieran batu beharko dira saskiak, eskaera egin duten leku berean.
Eskaerak egiteko guneak
- Bermeo. LABen egoitzan, Berh@z bulegoan, kultur etxean, Eleizalde Ikastolan eta AEK-ren egoitzan. Domekan, San Martin azokan jarriko dute ikusgai otzara.
- Ea. Eskolondo tabernan.
- Forua. Haitz Biribil elkartearen egoitzan.
- Gernika-Lumo. Seber Altube ikastolan, AEKren egoitzan, Arrano tabernan, Gernikako Institutuan, Maier lantegian eta Astran.
- Ibarrangelu. Kultur etxean.
- Muxika. Herriko txokoetan.