
Sahararen inguruko erakusketa, iazko ‘Munduko paisaiak’ programan
Kulturen arteko hurbilketa eta integrazioa dauzka helburu Gernika-Lumoko liburutegiak datorren astean zehar garatuko duen
Munduko paisaiak programak. Besteak beste, Errumaria eta Sahara hurbildu izan ditu aurreko urteetan herrira, eta aurten Boliviaren txanda izango da. Antolatutako jarduerei esker, beraz, Amerikako herrialde hori hobeto ezagutzeko aukera egongo da datorren astean.
Astelehenetik barikura bitartean, Boliviako liburuen, filmen eta musikaren inguruko erakusketa egongo da ikusgai, liburutegian bertan. Horrez gain, hilaren 20an, eguaztenean, boliviar gernikarrek beren esperientziak azalduko dituzte jendaurrean, 19:00etan, Elai-Alai aretoan. Egun berean, Iciar Bollainek zuzendutako
Tambien la lluvia filma proiektatuko dute.
Boliviako ipuinak izango dira protagonista hilaren 22an, 18:00etan, liburutegian eta Foru plazan. 19:00etan, aldiz, Boliviako dantzak izango dira ikusgai, eta herrialde hartako jakiak dastatzeko aukera egongo da.
Liburutegiagaz batera, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Ideasur elkarteak antolatu dute programa, Eusko Jaurlaritzaren eta Biltzen-en laguntzagaz.