
Andreas Schafter (Gernika Gogoratuz) eta Jokin Alberdi (Gernikatik Mundura) migrazioari eta dibertsitate kulturalari buruzko jardunaldien antolaketa lanetan parte hartzen ari dira, Ideasur elkartearen eta Astra Koordinadoraren laguntzagaz. Diotenez, “etorkinen benetako errealitatea ezagutaraztea” da jardunaldien helburu nagusia, bertoko herritarrek beldurra gal dezaten. Diotenez, “uskeria txikiak alde batera utzita etorkinak eta bertoko herritarrak berdinak dira”. Elkarbizitza sustatze aldera, jardunaldien azken saioan
etorkinen kontrako zurrumurrurik ez tailerrean parte hartzeko aukera izango dute bertoko herritarrek. Barikuan izango daa tailerra, 19:00etan.
Zergatik antolatu dituzue migrazioari eta dibertsitate kulturalari buruzko jardunaldiak?
Jokin Alberdi. Aspaldian, Bilgune deituriko sare txiki bat bat jarri genuen martxan Gernika-Lumon. Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu, baina jardunaldi hauek antolatzeko ideia Astra Koordinadorarena izan da. Kultura desberdinen arteko elkarbizitza sustatzea da jardunaldien helburua. Bilgune osatzen duten taldeek ardura desberdinak dituzte, baina helburu amankomun bat daukate: zubiak eraikitzea naziotasun desberdineko bertoko bizilagunen artean.
Nola uxatu daitezke etorkinenganako mamuak?
Schafter. Herri berdinean bizi garen heinean, elkarregaz bizitzen ikasi behar dugu, eskubide berdinak izanez. Azken finean, etorkinen eta bertoko herritarren bizimodua oso antzekoa da, gizaki guztiak baikara antzekoak. Etorkinei gure artean integratzen lagundu behar diegu, eta, gu ere, etokinen artean integratu behar gara. Guztiok osatzen dugu herria, eta tokian-tokiko garapena elkarregaz bultzatu behar dugu.
Gaur amaituko dira jardunaldiak ‘etorkinen kontrako zurrumurrurik’ ez saioagaz. Zer landuko duzue?
Alberdi. Ekimen nahiko berritzailea da guretzat. Getxoko zurrumurrurik ez kanpainako kide bat, eta Biltzen elkarteko kide bat izango dira hizlariak. Etorkinei buruz dauzkagun aurreiritziak gezurtatuko dituzte. Hala saio interesgarria izango da. Amaieran, bestalde, Gernika-Lumon zurrurrurik ez kanpainagaz bat egiteko aukera aztertuko dugu.
Posible da bertan sare hori sortzea?
Alberdi. Helburua ez da hori. Zurrumurrurik ez proiektuak aurerra eginez gero, ongietorria izango da, baina ez da derrigorra. Bertoko herritarrak kontzientziatzea, eta egunerokotasunean aldaketa bat ematea dira benetako erronkak. Horretarako etorkin bizipenak dakartzagu Astrara.
Krisi ekonomikoa gogortzeagaz batera, etorkinen kontrako zurrumurruak ugaritu dira?
Alberdi. Euskal gizartea askoz toleranteagoa da, baina egoera ez da idealizatu behar. Etorkinen kontrako zurrumurruak eta arrazakeria kasuak badaude bertan ere. Ez dakit zurrumurruak areagotu diren, baina arazoak berdinak dira. Duela zortzi urte edo gaur egun zurrumurru berdinak entzun ditut. Bi joerak elkar jotzen dutela uste dut. Alde batetik arazo ekonomikoak areagotu ostean, etorkinen kontrako zurrumurruak ugaritu daitezke. Bestetik, hala ere, noizbait etorkin izan gaitezkela onartzen hasi garela deritzot, eta elkartasuna areagotu daiteke.