
Onaindiari 197/2006 doktrina ezarri izana salatzeko mobilizazioa, Gernika-Lumon
Bihar beharrean, bilera aurreratu eta 197/2006 doktrina ezarrita daukaten zenbait presoren kasuak aztertuko ditu gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hain justu, hamahiru izango dira mahai gainean izango dituen kasuak, baina tartean ez dago Josune Onaindia muxikarrarena. Antxon Lopez Ruiz, Inmaculada Noble, Jose Felix Zabarte, Gonzalo Rodriguez Cordero, Javier Lujanbio Galdeano, Jesus Diaz de Heredia, Pedro Juan Odriozola, Juan Maria Gabirondo, Pedro Mari Rezabal, Miguel Turrientes, Maria Josefa Uzkudun eta Andoni Alza euskal presoen zein Olga Oliveira GRAPOko presoaren kasuak aztertuko ditu gaur. Hala, haiek aske utzi edo ez erabaki behar du.
Preso horiek guztiak aske uztearen alde agertu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza. Beraz, pentsa daiteke libre aterako direla. 16:00etan hasiko da batzarra.
Joan den barikuan bederatzi preso aske uzteko erabakia hartu zuen Auzitegi Nazionalak, tartean, Elias Fernandez bermeotarra. Atzo jakinarazi zituen joan zen barikuan libre utzi zituen bederatzi presoen askatasun autoak, eta han nabarmendu zuen fiskalak aplikatzeko eskatu zuen xehetasunak ez zuela eragiten aske utzi zituen bederatzi horien zigorrean eta horregatik uzten zituela libre.
Hortaz, Josune Onaindia da doktrina hori ezarri ondoren kartzela zigorra luzatu eta preso daukaten Busturialdeko bizilagun bakarra.