Gernika-Lumoko hondakin uren araztegia
Busturialdeko Ur Partzuergoak saneamendu azpiegituren kudeaketa beregain hartzeko erabakia hartu zuen, herenegun egindako osoko bilkuran.
EAJk kontra bozkatu zuen, baina
EH Bilduk bere gehiengoa baliatu zuen neurria aurrera ateratzeko. Saneamendu azpiegituren kontrola bereganatuta, partzuergoak
“zerbitzu hobea eta gardenagoa” eskaintzeko aukera izango duela deritzo koalizioak.
Iratxe Arriola ur partzuergoko presidenteak jakinarazi duenez, oraindik ez dute
lehiaketa publikoa martxan jarri, baina
“bi fasetan” burutzea aurreikusten dute.
Hasiera batean, Lamiarango araztegiko zazpi lanpostu publikoak aterako dituzte lehiaketara. Urte hasieran Lamiaran martxan jarriko dutela eta,
prozesua lehenbailehen hastea espero du Arriolak. Otsailerako beharginak lanean izatea da helburua, Ur Konfederazioaren formakuntza ikastaroa gal ez dezaten.
Gernika-Lumoko, Laidako, Lagako, Ibarrangeluko, Elantxobeko eta Eako saneamendu azpiegituren kudeaketa egiteko lanpostuak, bestalde, otsaila aldera aterako dituzte lehiaketara. Kasu horretan
bost langile kontratatuko ditu partzuergoak. Arriolaren berbetan, “guztira hamabi langile arduratuko dira saneamendu azpiegituretaz; orain arte baino bi gehiago”. Hortaz, lanpostuak sortzen ari direla deritzo.
Guztira hamabi langile arduratuko dira saneamendu azpiegituretaz; orain arte baino bi gehiago”.
Edateko Uren Araztegien kudeaketa, bestalde, bere horretan mantenduko dute. Ur partzuergoko presidentearen ustez, “zentzuzkoagoa” izango litzateke edateko uren zerbitzuak leheneratzea, baina eskuak lotuta dituzte zentzu horretan. Izan ere, hogei urtetan kanpoko enpresa batek egin du kudeaketa. Hala, “enpresa horren pentsura” daudela esan du partzuergoko presidenteak.
Lamiarango azpiegituraren kasuan, berriz, “hutsetik” hasiko dira. “Araztegia zelan dabilen ikasiko dugu, eta kudeaketaz arduratzeko aukera izango dugu”. Bermeoko saneamendu azpiegituraren irekiera baliatuz, bestalde, gainontzeko saneamendu azpiegiturak ere leheneratzea erabaki du partzuergoak. “Logikoa da Lamiarango kudeaketaz arduratuko den erakundeak periferiako araztegiak ere kontrolatzea”.
Beharginen protestak
Arriolak dioenez, normala da
Aquagesteko langileak kezkatuta egotea, baina
“leku okerra ari dira tirokatzen”. Partzuergoak ez dauka kontraturik langile horiekin, eta, horrenbestez, ez du inor kaleratuko.
Esperientziak eta azterketa praktikoek puntu asko emango dituzte, baina beharginek esfortzu txiki bat egin beharko dute: aukera berdintasunean lan poltsa publikoan parte hartu beharko dute”
Langileen egoera kontuan daukatela esan du presidenteak, baina prozesu publiko bidez egin behar dute aukeraketa. “Esperientziak eta azterketa praktikoek puntu asko emango dituzte, baina beharginek esfortzu txiki bat egin beharko dute: aukera berdintasunean lan poltsa publikoan parte hartu beharko dute”.