
Irudian, El_Txef_A
Lehen diskoagaz nazioarteko fama lortu ostean, Aitor Etxebarria
El_Txef_A-k (Gernika-Lumo, 1985)
We Walked Home Together diskoa kaleratu behar du laster. Gaur, aurkezpen kontzertua joko du diskoa grabatzen lagundu dioten musikariekin, eta apur bat urduri dagoela aitortu du. Izan ere, disko berriak lehenak baino “oihartzun handiagoa” izan dezakeela deritzo. Bilboko BBK aretoan aurkeztuko ditu abesti berriak, 21:00etan.
We Walked Home Together disko berria kaleratu behar duzu laster. Zer moduz grabaketa prozesua?
Zirriborroak prest dauzkat. Hala ere, astebete hartu behar dugu abesti berriak behar bezala grabatzeko. Ziur aski Tio Pete estudioan egingo dugu behin betiko grabaketa. Ostean, biniloan, CDan eta formatu digitalean kaleratuko dut
We Walked Home Together diskoa.
Zaila izan da disko berriko doinuak sortzea?
Urtebete pasatxo daramat diskoa prestatzen. Hanot Mintegiak eta biok Berlinen grabatu genituen zenbait zirriborro. Hala ere, ez ginen gustura geratu abestiek zeukaten soinuagaz. Hori dela eta, berriro grabatu gura ditugu. Azken finean, urtebeteko sorkuntza lana aste batean grabatu behar dugu. Egia esan behar bada, zailtasun handiena denbora falta izan da.
Slow Dancing In a Burning Room lehen diskoa grabatzeko denbora gehiago izan nuen, lasaiago lan eginez.
Sorkuntzarako denbora gutxiago izateak, hortaz, lehen diskoak harrera ona izan zuela esan gura du?
Slow Dancing In a Burning Room diskoak harrera nahiko ona izan zuen. Sorkuntzarako tarte txikiagoa izan arren, bigarren diskoa ere zaleen gustukoa izatea espero dut. Jende gehiagok ezagutzen ditu nire doinuak, eta jakin-min handia dago musikazaleen artean. Disko berriak oihartzun handiagoa izan dezakeela deritzot, eta urduritasun apur bat ere sentitzen dut.
Lehen diskoagaz hainbesteko arrakasta lortzea espero zenuen?
Egia esan ez. Ordura arte, zaletasun bat zen musika, eta ez nuen espero horren harrera ona izatea. Lehen diskoa zer gertatuko zen jakin barik kaleratu nuen. Hortaz, presio handiagoa sentitzen dut orain.
Zein da lantzen duzun musika estiloa?
Musika elektroniko sentibera dela esango nuke. Musika lasaia eta erromantikoa da.
Gaur gauean aurkezpen kontzertu bat joko duzu diskoa grabatzen lagundu dizuten musikariekin. Urduri zaude?
Ni, behintzat, apur bat urduri nago. Hala ere, kontzertua hastean urduritasuna ahaztea espero dut. Abesti berriak jendaurrean aurkezteko gogotsu nago, egia esan. Bilboko BBK aretoan joko dugu, eta kontzertu ederra izango dela deritzot.
Taldeagaz jotzen duzun lehen aldia da?
Ez da taldeagaz jotzen dudan lehen aldia. Duela urtebete inguru Vienan eta Gernika-Lumon jo genuen. Urtean behin edo birritan batzen gara.
Diskoak zure sinadura darama, edo talde moduan lan egiten duzue?
Diskoa nirea da, baina zenbait laguntzaile dauzkat. Nik modu digitalean sortzen ditut abestietako doinuak, eta, horren ostean, taldeko kide bakoitzak bere zatiak grabatzen ditu. Gitarrak, pianoak eta ahots organikoak laguntzaileek grabatzen dituzte. Hanot Mintegiak (gitarra), Ibai Etxebarria anaiak (pianoa), Beñat Biscontik (ahotsa) eta Miren Narbaizak (ahotsa) lagundu didate.
Zergatik joan behar dute musikazaleek El_Txef_A Banden kontzertua ikustera?
Musika mota nahiko berria eta berezia da. Areto klasiko batean kontzertu moderno bat ikusteko aukera bikaina da. Izan ere, musika elektronikoa dantzalekuetara eta klubetara mugatuta dago Euskal Herrian.
Musika zuk sortzen duzu, eta normalean bakarrik jotzen duzu. Gustuko duzu talde bategaz jotzea?
Talde bategaz jotzea oso berezia da. Binilo batzuk jartzea ere asko gustatzen zait, baina talde bategaz jotzeak sentipen desberdinak trasmititzen ditu. Oso gustuko dut, lagunekin primeran pasatzeko aukera ematen baitit.
Zelan sartu zinen musika elektronikoaren munduan?
Hip-hop eta rap doinuak entzuten hasi nintzen. Hala, Bilboko Cibertech dendara joaten nintzen diskoak entzutera eta erostera. Lehen aldietan, hip-hoparen atalera joaten nintzen, baina estilo desberdinak ezagutu nituen gerora: ambiental eta minimal estiloak, esaterako. Ez nekien ezta zer ziren ere, baina harrapatu egin ninduten, eta orain ezin ditzaket utzi. 18 urte inguru neuzkan orduan. Bilboko udal musika eskolan perkusio klaseak hartzen nituen, eta, amaitutakoan, dendara joaten nintzen berritasunak ikusteko asmoz.
Zergatik harrapatu zintuen musika elektronikoak?
Egia esan, ez dut horretan inoiz pentsatu. Gustuko dudana egiten dut, eta hamar urte daramatzat horretan.
Apurka-apurka musikari nahiko famatua egin zara. Zelan bizi izan duzu bilakaera hori?
Hasieran abesti solteak kaleratzen hasi nintzen.
Slow Dancing In a Burning Room diskoagaz igarri nuen aldaketa. Munduko agertokietako ateak zabaldu zizkidan disko horrek. Hasieran, musika zaletasun bat zen, baina ogibide bihurtu da orain. Pertsona zortedun bat naizela uste dut.
Bizimodua asko aldatu zaizu?
Aste barruko bizitza ez da aldatu; asteburuetakoa, aldiz, bai. Astebururo munduan zehar ibiltzen naiz. Horrek kultura eta jende barria ezagutzeko aukera ematen dit.
Non antzeman duzu gero eta ezagunagoa zarela?
Atzerrian kontzertu gehiago ditudalako antzeman dut ezagunagoa naizela. Dena den, musika estilo nahiko
underground-a da. Hala, ezaguna izan zaitezke, baina zure mugimenduaren barruan. Besteak beste, Mexikon, AEBetan, Ingalaterran, Austrian, Errusian, Brasilen eta Alemanian izan naiz. Barikuko [gaurko] aurkezpen kontzertuaren ostean, baditut beste bi prest: laster, Kieven eta Dubain joko dut.
Areto txikiak edo leku handiak dituzu nahiago?
Gehiago gozatzen dut areto txikietan. Jendea dagoen garaiera berean jotzea gustatzen zait, zaleen berotasuna eta hurbiltasuna sentitzeko.