
Mundakako portua
Mundakako Udalak 2014ko ordenantza fiskalak %1,5 igotzea onartu du azken osoko bilkuran. Indize hori, baina, 2012ko abuztutik 2013ko abuztura doan KPI-ren datuari dagokiola azaldu du.
Igoera horrek, baina, zilindrada baxuko trakzio mekanikoa duten ibilgailuen gaineko zergan ez duela eraginik izango aurreratu du udalak; hala, zerga horrek «berdin» jarraituko duela baieztatu du.
Bestalde,udaletxean ospatzen diren ezkontza zibilen tasari dagokionez, murrizketa izango dela gaineratu Mundakako Udalak; hain zuzen ere, 130 eurotik 76 eurora jaistea onartu dute azken osoko bilkuran; beti ere, udaleko lan orduetan ospatzen bada. Ordutegi horretatik kanpo ospatzen direnen kasuan, alegia, asteburuetan eta jai egunetan, 130 euroko tasa bera mantentzea onartu dute.
Horren harira, udalak gogorarazi du, herritar gehienek ezkontza zibila ospatzeko Pleno Aretoa hautatzen duten arren, Bake Epaitegian ere prozedura bera egitea posible dela, eta doakoa dela lan ordutegian.
2014ko ordenantza fiskalen igoera horrek, azken finean, “hainbeste pertsonari eragiten dien egungo egoera ekonomiko zailaren eta Mundakako herritarrentzat bizitza kalitate egoki bat bermatzeko beharrezkoa diren zerbitzuak mantentzeko kostuen arteko oreka irizpide bati erantzuten” diola azaldu du udalak.