Urtarrilaren 11n Bilbon "ahalik eta eremu publiko gehien" okupatzera deitu du Tantaz Tantak
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Tantaz Tantak Gernika-Lumon egindako ekitaldia
Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean ekitaldi jendetsua egin du Tantaz Tantak, datozen hilabeteetako kanpaina eta urtarrilaren 11ko mobilizazioa aurkezteko. Esan duenez, “tanta ezberdinak bagara ere, bat gatoz goiburu honekin: giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”. Hori guztia dela eta, urtarrilaren 11ko mobilizaziorako deia egin du, oinarrizko hiru eskakizunen inguruko “giza marea” bat sortzeko: sakabanaketaren amaiera, gaixorik dauden presoak aske gelditzea eta Estrasburgoren epaia betetzea. Alabaina, ez da izango ohiko protesta bat, egun horretan Bilbon ahalik eta eremu publiko gehien okupatzea dauka-eta helburu. “Ez da manifestazio bat izango, itsaso bat baizik, milaka eta milaka ur tantak osatutako adierazpen banko eta kolektibo bat”.
Hala, urtarrilaren 11ko mobilizazio horrek ez du izango ez pankartarik, ez politikarien adierazpenik ezta amaierako komunikaturik ere. “Herritarron esku hartze erraldoia izango da, zenbait orduz eta agertoki desberdinetan hedatuko dena, marea baten antzera, Bilbon ez ezik testuinguru politiko eta sozial osoan zabalduko dena”.
“Hamaika iturritatik sortutako tantak” izan arren, “desberdinak garenok itsaso batean” elkartzeko gonbitea egin du Tantaz Tantak; “itsaso berean, denok batera, egoerak hala eskatzen duelakoan”. Gernika-Lumoko ekitaldian nabarmendu du geroari begira dagoela euskal gizartea, “baina, ezer baino lehen, gatazkak utzitako zauriak itxi eta pilatutako sufrimendua arindu beharko” direla. “Horrexegatik eskatzen dugu pertsona guztien giza eskubideen errespetua, batetik, eta presoei, iheslariei eta haien gertukoei oraindik ere ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera, bestetik”.
Urtarrilaren 11n ez ezik, urratsak egunero eman behar direla nabarmendu du: “Desberdinak izanagatik ere, bat gatoz pentsatzean urratsak, mugimendua, energia positiboa behar direla. Gure asmoa da adostasun zabal hori ur bihurtzea; lurra eta asfaltoa ureztatuko dituen ihintza izan behar gara; xendak garbitu eta iturburuak elikatuko dituzten euri-jasak; errotak mugiarazi, uhateak zabaldu, ubideak gainezka jarriko dituen uharrak; oztopoak saihestu eta ibilgu berriak sortuko dituzten ur-oldarrak”.
Itziar Rekalde, tantak jasoko dituen botila eskuan
Izan ere, Tantaz Tantaren iritziz, gizartearen aktibazioak “baldintza berriak ekar ditzake, frogatuta dago herritarren mobilizazioak bide berriak urratzen dituela”. Hori horrela, “bizikidetzaren aldeko ahalegin zintzo eta konprometituarekin” bat egiteko gonbitea egin du, “kontuan hartuko gaituen, barne hartuko gaituen proiektu bat izango baita, denontzat onuragarria”.
Tanta bihurtuz “giza eskubideen errespetua oinarri izango duen gizarte hobe baten alde” egiten dela esan du. “Halaxe egitea proposatzen dizugu, gaurtik aurrera, zure herrian edo auzoan, zure esparru sozialean. Eta urtarrilaren 11n gure tanta guztiak batuta hasiko gara gauzak aldatzen”. Herri eta auzoetan tantak batzeko lantaldeak eratuko dituzte. Hain zuzen, formularioak banatuko dituzte, jendeak bete ditzan. Halaber, www.tantaztanta.info webgunearen bidez ere formularioak bete daitezkeela zehaztu dute.
Eszenifikazio mamitsuaEuskal Herriko bazter guztietako hainbat lagun izan dira Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrikan jarritako hitzorduagaz bat egin dutenak, eta agerraldi jendetsua egin dute. Hori orduko, ekitaldi mamitsu eta ikusgarria hareazko marrazkien ikuskizun batekin hasi dute, eta ondoren bideo batekin laburbildu dituzte gerora azaldu dituzten helburuak eta filosofia.
Dantzarien txandaren ostean, Maite Bidartek eta Jone Lazkozek irakurri dute manifestua. Beste bideo batean, itsasora mezu bat gordetzen duen botila bat botatzen duen haur bat azaldu da. Itziar Rekaldek hitza hartuta, bigarren botila batez mintzatu da, “aktibazio sozialaren botilaz, gure plazak milaka tanta jasoz igaroko dituen botilaz”. Esan du une honetatik aurrera ekarpenez beteko dela botila, eta urtarrilaren 11n ur hori “gure itsasoa hasteko baliatuko” dutela. Performance baten ostean, amaitutzat eman dute ekitaldia, tanta izatera eta datuak ematera animatuz parte hartzaileak.
Itziar Rekalde, tantak jasoko dituen botila eskuan
Tantaz Tantak Gernika-Lumon egindako ekitaldia
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.