Martitzenera arte greba deialdia bertan behera uztea erabaki dute araztegietako langileek
http://youtu.be/RqtUjOq8tos
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Aquagesteko beharginek gaur goizean Gernika-Lumon egindako protesta
Busturialdeko Ur Partzuergoak zerbitzuetako batzuk publiko bihur ditzakeela eta, Busturialdeko araztegietako beharginek protesta egin dute gaur goizean, Gernika-Lumoko udaletxe aurrean. Beren salaketa kalera ateratzeagaz batera, gaur hastekoak ziren greba martitzenera arte atzeratu dutela adierazi dute, hartuko dituen neurrien inguruko batzarra baitauka egun horretan Busturialdeko Ur Partzuergoak. “Borondate ona daukagula agertzeko eta zerbitzu egoki bat bermatzeko erantzunkizuna daukagulako atzeratu dugu greba”.
Partzuergoak argitu duenez, uz zikinen kudeaketa publiko egin ala ez erabakiko dute martitzenean; ez, ordea, edateko urarena (Edateko Uren Araztegiak-EUA). Izan ere, zerbitzu hori bere horretan mantenduko du erakundeak, eta, hortaz, zerbitzu horretan zazpi lanpostu bermatuta daude. Hondakin Uren Araztegiena (HUA) da sektore publikoak beregain har dezakeena, eta, kasu horretan, enpresa ezberdinak aurkez daitezke lehiaketa publikora. Zehaztu duenez, gainera, Lamiarango araztegian zazpi langile behar izango dituzte, eta, gainontzeko araztegietako langileak bost izango direla eta, gaur egun baino bi lanpostu gehiago izango direla azaldu du partzuergoak.
Araztegietako beharginek, baina, adierazi dute lanpostua galtzeko beldur direla, eta beharrean jarraitzeko gogoa adierazi dute; “langile publiko legez, zein azpikontratatu legez”. Busturialdeko Ur Partzuergoak, bere aldetik, argi utzi gura izan du ez duela inor kaleratuko, beharginak Aquagest enpresak kontratatutakoak direlako, ez partzuergoak berak kontratatutakoak. Gaur egun azpikontratatutako Aquagest enpresarentzat egiten dute lan Edateko Uren Araztegietako (EUA) eta Hondakin Uren Araztegietako (HUA) beharginek. Kritikatu dute ur partzuergoaren erantzun bakarra lehiaketa publikora aurkeztea izan dela. Aste barruan egindako prentsaurrekoan, lanean egindako urteak kontuan hartuko lituzketela esan du partzuergoak.
Egoeraz kezkatuta, baina, martxan jarri dira beharginak, eta mozio eskaera bat bidaliko dute Busturialdeko udal guztietara, alkate eta zinegotziei laguntza eskatuz. Mozio eskaerak dioenez, “langileak ez kaleratzeko erabakia hartzea eta hamazazpi langileren lanpostuak bermatzea eskatzen diegu udal ordezkariei, horiek uste duten ereduaren alde eginez”.
Gaur egun hamazazpi pertsonak osatzen dute araztegietako lantaldea. Horietako batzuk Gernika-Lumoko, Bermeoko, Busturiko, Foruko, Eako eta Mendatako Edateko Uren Araztegietan egiten dute lan. Gainontzekoak, aldiz, Gernika-Lumoko, Elantxobeko, Eako, Ibarrangeluko, Laidako eta Lagako Hondakin Uren Araztegiez arduratzen dira.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.