
Angolako ume bat
Bat ez da gitxi izenburupean egingo dute jaialdia, Astra kulturarako fabrika sozialean. Bizitza bat salbatzeak daukan balioaz jabetuta hasi ziren Gernika-Lumoko zenbait gazte Angolako (Afrika) umeei laguntzea helburu daukan ekitaldia mamitzen. “Bizitzaren bat salbatzea ondo” legokeela iritzita, hitz hutsaletatik ekintzetara pasatu, ideiak harilkatu eta Astrak bihar iluntzean hartuko duen ekitaldia gorpuzten hasi ziren gazteak.

Ekitaldiaren kartela
Euretako baten izeko Laura Barinagarrementeria Dominika moja gernikarrak Kuito-Bie herrian misiolari lanetan urteak daramatzala eta, harekin jarri ziren kontaktuan gazteak. Hasierako asmoa ur putzu bat egiten laguntzea zen, baina herrialde hartan dagoen siketearen ondorioz, dirua beste zerbaitera bideratzea erabaki zuten. Hala, azkenean, “goseak hiltzen dauden umeentzako elikagaiak, ura, sendagaiak…” erosi ahal izateko baliatuko dute bihar Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean egingo duten kontzertu solidarioan batutako dirua.
20:30ean jarri dute hitzordua, eta Primeros Auxilios eta Marmoka Baltzak taldeak igoko dira taula gainera. Ekitaldiaren sustatzaileek zehaztu dutenez, taldeek eurek ere bat egin dute helburuarekin, ez baitute ezer kobratuko. Haiek bezala, hortaz, nork bere alea jartzeko aukera egongo da bihar Gernika-Lumon, esfortzu handiegirik egin barik, sarrerak bost euroko balio sinbolikoa edukiko baitu.
Bitartekorik barik
Batutako zenbatekoa bere osotasunean Angolara iritsiko dela nabarmendu dute gazteek. “Sarritan jendeak ez ditu lurralde azpigaratuak diruz laguntzen, ez dakielako ziurtasunez emandakoa toki jakin horretara iritsiko den; baina, kasu honetan, bitartekaririk egongo ez denez, dirua Angolara bideratuko dela berma dezakegu”, diote. Hori dela eta, “hain aukera onik gutxitan” izango dela deritzote.
Dena den, balizko mesfidantzak uxatze aldera, ekarpenak Gernikatik Munduraren bitartez egin daitezkeela azaldu dute, Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) hori izango baita batutakoa kudeatu eta Laura Barinagarrementeriari helarazteaz arduratuko dena. “Guk ez dugu dirurik ikutuko, Gernikatik Mundurak hartuko baitu zuzenean”, diote. Hortaz, gurean emateko gutxi dena Afrikako herrialdean baliatzeko asko dela eta, harri koxkor bat jartzeko eskatu dute, Angolako umeen aurpegietan irribarre bat marrazten laguntzeko denen artean.
Bat ez da gitxi
- Zer. Angolako umeei laguntzeko jaialdia. Kontzertua: Primeros Auxilios eta Marmoka Baltzak.
- Noiz. Bihar, 20:30ean.
- Non. Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean.
- Prezioa. 5 euro balioko du sarrerak. Ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere badago.