Araztegietako langileek protesta egingo dute bihar, Gernika-Lumon
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Araztegietako beharginek martitzenean egindako protesta
Busturialdeko araztegiak kudeatzen dituzten Aquagest enpresako beharginek greba mugagabea hasiko dute bihar, eta, horren harira, beren aldarrikapena kalera aterako dute, Gernika-Lumoko udaletxe aurrean elkarretaratzea eginez. 12:00etan hasiko da protesta.
ELA sindikatuak azaldu duenez, Busturialdeko ur partzuergoaren zerbitzu guztiak publiko bihurtuz gero, araztegietako hamazazpi langile egongo lirateke lanpostua galtzeko arriskuan. Horien artean, gainera, 20 urte inguruko esperientzia daukaten beharginak daudela nabarmendu du sindikatuak. Hala, partzuergoak azpikontratazioaren kontra eginez gero, bertoko araztegietan eta saneamendu azpiegituretan langile trebaturik ez izateko arriskua dagoela deritzo ELAk.
Lamiarango araztegia martxan jartzean, uraren ziklo integralaren kudeaketa publikoa izatea da Busturialdeko Ur Partzuergoaren helburua. Hala, zerbitzu pribatuak mantenduz gero, kudeaketa eta zaintza lanak egitea zailagoa izango litzatekeela deritzo Bilduk.
Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak azaldu duenez, Lamiaran martxan jartzean lehiaketa publikoa zabalduko dute, eskual- deko ur edangarri eta saneamendu azpiegituretarako beharginak kontratatzeko. Deialdi publiko bat denez, hortaz, Aquagest enpresako beharginak lehiaketara aurkeztu beharko lirateke.
Lan poltsa horretan, baina, interesa duten guztiek eman dezakete izena. Hala, lehiaketan parte hartuz gero ere, Aquagest enpresako beharginek ez dute ziurtatuta lanpostua mantentzea. Bilbaok dioenez, “langile horiek urte hauetan guztietan pilatutako esperientzia kontuan izango du partzuegoak, baina ezin du askoz gehiago egin”.
Zinegotziaren berbetan, sindikatuekin eta beharginekin harremanetan izan dira, baina “akordio batera heltzea oso zaila da”. Zenbait sindikatuk ekarpen batzuk egin dituzte irtenbide bat aurkitzeko, baina lanpostuak ezin dira mantendu. “Deialdi publiko bat eginez gero, ezinezkoa da lanpostuak mantentzea, legearen kontra egitea litzatekeelako”.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.