Udal zergetan KPIri dagokionean %2ko igoera adostu du Bermeoko Udalak
Bermeoko Udal zergak %2 igotzea (KPIri dagokionean) proposatu du Bilduk azken osoko bilkuran, eta, desadostasunak tarteko, aho batez onartu du azkenean udalbatzak. Igoera hori, baina, Ekonomia jardueren gaineko zergari (EJGZ) eta Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergari (EIOZ) ez zaiela aplikatuko argi utzi du Bermeoko Udalak.
Batetik, familia ugariek Ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHGZ) aldetik jasotzen dituzten hobarien inguruan izan dituzte desadostasunak EAJk eta Bilduk; izan ere, azken horiek proposatu dute urtean 28.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenek soilik jaso ahal izatea aipatu hobaria. Jeltzaleek, ostera, uste dute hobari hori jasotzea ez litzatekela baldintzatuta egon beharko familiaren diru sarrerengatik; alegia, hobari hori jasoteko kontuan izan beharko litzateken aldagai bakarra familia ugaria den ala ez ikustea izan beharko litzatekela deritzote.
Bestetik, udal zerbitzu batzuei tasa batzuk ezartzea proposatu du Bilduk (horietako asko hirigintzari lotutakoak), eta horietako zenbait kobratzea ez du begi onez ikusi EAJk; esaterako, ezkontza eta bikote erregistroarena. “Zerbitzu horiek kostu bat suposatzen dute, eta legeak dio kobratzen den tasa ezin daitekela kostua baino handiagoa izan; dena den, muga horretatik oso urrun gaude herri honetan”, azaldu du Bilduk.