
Ubitarte kalea, obren ostean
“Oinezkoen segurtasuna bermatzea” dauka udalak helburu. Hori horrela, Saraspe plazaren aurrean dagoen Juan Calzada kaleko espaloia 40 zentimetro zabalduko duela jakinarazi du. Gaur egun bi metroko zabalera dauka espaloiak tarte horretan, baina “bi aste barru” 2,40koa izango da zabalera. Horrez gain, lauzak aldatuko dituela jakinarazi du udalak. Hain zuzen, egungoen antzekoak jarriko ditu, “granito arrosazkoak”.
Juan Calzadan lan gehiago aurreikusi ditu udalak. Izan ere, 86. ataritik 96.era bitarteko tartean argiztapena hobetuko duela jakinarazi du. Hain justu, biribilgunearen inguruan “beso bikoitzeko lau argi berri” ipiniko ditu. Lan horietan 8.500 euroko inbertsioa egingo du.
Bestalde, dagoeneko amaitu ditu Ubitarte kaleko obrak. Errepideko zorua berritu du, alde bietan espaloia metro eta erdiraino zabaldu du, eta hormigoizko lauza ez labankorrak jarri ditu.