Euskadiko Biodibertsitate Zentroak EHUko XIII. Zientzia Astean parte hartuko du
Bihartik hasi eta domekara bitartean, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XIII. Astea ospatuko dute hainbatek Bilboko Alhondigan, eta horien artean izango da Busturian Euskadiko Biodibertsitate Zentroa ere. Itsasoa “ur masa bat baino gehiago delako eta ehunka ekosistema uztartzen dituen eta errespetatzen ikasi behar dugun laborategi natural bat delako”, tailer batzuk antolatuko ditu bertan, Azti Teknaliagaz batera.
Hala, tailer horien bitartez, euskal kostaldeko itsas-aniztasunaren garrantzia ezagutu ahalko du bisitariak eta, era berean, bere biztanleriaren ezaugarriak ikasteko ere balioko diote. Hori guztia erakusteko, lagin naturalekin egindako esperimentuaz baliatuko da Biodibertsitate Zentroa. Adin guztiei zuzendutako tailerrak direla jakinarazi du Busturiko zentroak; baldintza bakarra “itsasoarekiko grina izatea” dela dio.
Hain zuzen, Zientzia eta itsasoa esperimentatu bezala izendatuko du zentroak Bilbon jarriko duen stand-a, eta bertan, “itsas-zientzien alorrean ekintza teoriko-praktikoa burutuko du, ikasleak zientziara hurbildu eta ikerketaren inguruko interesa sustatu dezaten”. Horregaz batera, ikasleak egun batez zientzialari bihurtzea gura du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, besteak beste, “biodibertsitatearenganako errespetuaren oinarriak eta arrantza jasangarriarenak zabaltzeko”.
Stand horren ordutegia honakoa izango da: bihartik barikura, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara; zapatuan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta domekan, 10:00etatik 14:00etara.