Epe laburrean uraren ziklo integralaren kudeaketa Busturialdean egitea da ur partzuergoaren erronka
http://youtu.be/lP0ugiMRCYM
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Bilduko ordezkariak agerraldian
Busturialdeko Ur Partzuergoan gehiengoa daukan EH Bildu alderdi politikoak erakunde publikoaren kudeaketari buruzko balorazioa egin du. Bi urte pasa dira zuzendaritza berria lanean hasi zenetik, eta orain arte egindako lanaren berri emateaz gain, etorkizuneko erronkak ere izan dituzte berbagai alderdi politikoko kideek. Azaldu dutenez, gogotsu daude partzuergoaren “etorkizuna eraikitzen jarraitzeko”.
Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak jakinarazi duenez, “uraren ziklo integrala Busturialdean bertan kudeatzea, eta partzuergoaren zerbitzu guztiak publiko bihurtzea dira epe laburrerako jarri dituzten erronka nagusiak”.
Bilbaok nabarmendu duenez, uraren zikloa ixteko osagarri garrantzitsuenetako bat laster jarriko dute martxan: Lamiarango araztegia. Puntako teknologiadun azpiegiturak eskualdeko ur zikin guztiak tratatuko ditu lanean hasitakoan. 2014ko lehen hilabeteetan lehen probak egiten hastea aurreikusten dute.
Lamiarango araztegiaren ardura esku publikoetan egotea nahi du partzuergoak. Hala zazpi lanpostu publiko sortuko dituzte, araztegia zuzenean kudeatzeko. Horregaz batera, gaur egun pribatizatuta dauden hainbat arlo leheneratu nahi ditu partzuergoak, azpiegitura horiek publiko bihurtuz.
Bilbaok dioenez, “eskualdeko biztanleei ur hornidura eta saneamendu egokia eskaintzeko erantzunkizuna dauka partzuergoak, eta zeregin hori betetzeko modurik eraginkorrena eta arduratsuena jardueren kontrol zuzena eskualdeko erakundeak izatea da”. Zenbait arlotan kanpoko enpresen laguntza behar izango duten arren, uraren kudeaketa langile propioekin egin gura dute.
Bilbaoren berbetan, azken bi urteak ez dira errezak izan partzuergoarentzat, baina “aurrerapauso handiak” eman dituzte. Alde batetik, Bermeo eskualdeko erakundean barneratzea lortu dute, Busturialdeko etorkizunari ikuspegi integral batetik begiratuz. Hala, partzuergoa indartuko dela deritzo gernikarrak.
Bestalde, ur partzuergoaren egoera ekonomikoa hobetzea ere lortu du zuzendaritza berriak. Kargua hartzean milioi erdi euroko zuloa zuen erakunde publikoak, baina zulo hori %80an murriztea lortu dute. Hortaz, hornidura eta saneamendu sareak hobetzeko inbertsioak egiteko aukera izango du partzuergoak, “aspaldiko partez”. Gaur egungo azpiegiturak mantentzea eta sarean berriztapenak egitea izango dira helburuak.
Busturialdeko araztegietako langileek greba hasiko dute barikuan
Busturialdeko araztegiak kudeatzen dituzten Aquagest enpresako beharginek barikuan greba mugagabe bat hastea erabaki dute, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Ohar bidez azaldu dutenez, ur partzuergoaren zerbitzu guztiak publiko bihurtuz gero, hamazazpi langile egongo lirateke lanpostua galtzeko arriskuan. Horien artean, 20 urteko esperientzia daukaten beharginak daudela nabarmendu du sindikatuak. Hala, partzuergoak pribatizazioaren kontra eginez gero, bertoko araztegietan eta saneamendu azpiegituretan langile trebaturik ez izateko arriskua dagoela deritzo ELAk.
Aquagest enpresako zenbait langile protesta egiten
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidenteak jakinarazi duenez, Lamiarango araztegia martxan jartzean, uraren ziklo integralaren kudeaketa publikoa izatea da helburua. Hala, zerbitzua pribatuak mantenduz gero, kudekatea eta zaintza lanak egitea zailagoa izango litzatekela deritzo.
Bilbaok azaldu duenez, Lamiaran martxan jartzean lehiaketa publiko bat egingo dute, eskualdeko ur edangarri eta saneamendu azpiegituretarako beharginak kontratatzeko. Dioenez, deialdi publiko bat denez, Aquagest enpresako beharginak lehiaketa horretara aurkeztu beharko lirateke.
Lan poltsa horretan, pertsona guztiek eman dezakete izena. Hala, lehiaketan parte hartuz gero ere, Aquagest enpresako beharginek ez dute ziurtatuta lanpostua mantentzea. Izan ere, “legearen kontra” joango litzatekela azaldu du Bilbaok. Haren berbetan, “langile horiek urte guzti hauetan pilatutako esperientzia kontuan izango du partzuegoak, baina ezin du askoz gehiago egin”.
Gernika-Lumoko zinegotziak dioenez, sindikatuekin eta beharginekin harremanetan izan dira, baina “akordio batera heltzea oso zaila da”. Zenbait sindikatuk ekarpen batzuk egin dituzte irtenbide bat aurkitzeko, baina lanpostuak ezin dira mantendu. “Deialdi publiko bat eginez gero, ezinezkoa da lanpostuak mantentzea, legearen kontra joango litzatekelako”.
Busturialdeko ur hornidura eta saneamendu sarean 46 lagun inguru daude lanean: 29k zuzenean egiten dute lan ur partzuergoarentzat, eta gainontzekoek Aquagest enpresarentzat egiten dute lan. Langile horiek Gernika-Lumoko, Eako, Laidako, Burgoako eta Bermeoko ur edangarri eta saneamendu azpiegituretan egiten dute lan.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.