956.400 euroko kreditu ez erabilgarria onartu du Bermeoko Udalak
Aurreikusitakoa baino diru sarrera gutxiago ditu Bermeoko Udalak; hori dela eta, 956.399 euroko kreditu ez erabilgarria onartu du, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin.
Oraindik aurrekontu barik egotea kritikatu du EAJk; dena den, iazko aurrekontu luzapenagaz daudela argitu du Bilduk. «Urte nahiko zaila izan da; diru gutxiago izan dugu, eta garrantzitsua izan da nondik murriztu behar dugun zehaztea», adierazi du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak. Hala, 2013ko aurrekontua oraindik ez izatearen arrazoiak azaldu ditu: «batetik, Europako kontabilitatera egokitu behar izan gara; alegia, kobrantzaren arabera itxi behar dugu aurrekontua, eta, bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren mailegua eskatzeak doitze batzuk dakarzkigu».
Hori horrela, EAJk azaldu du «aurrekontu murritzagoa izatea eta Europako legera egokitu behar izatea ez dela arrazoi izan behar aurrekonturik ez izateko». Jeltzaleen arabera, gainera, «Bermeoko Udalak aurrekontua izango balu, diru sarrerak zeintzuk izango lirateken aurreikusita izango luke, eta, beraz, ez litzatekela halakorik gertatuko». Bestalde, egoera hori «kudeaketa faltagatik» gertatu dela diote.
Hortaz, aurrekonturik eza salatzeaz gainera, kreditu ez erabilgarri horrek zer suposatzen duen jakiteko modurik ez izatea ere kritikatu du EAJk.
Horren guztiaren aurrean, Bidegurenek dio «aurrekontu orekatua» daukala egun Bermeoko Udalak, eta aurrerantzean ere hala jarraitu behar dutela.