
Rosa Aretxederretaren erakusketa
Rosa Aretxederretaren margolanek koloreztatzen dituzte egunotan Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoko horma zuriak. 31 margolanez osatutako lagina eroan du gernikarrak Elai-Alai aretora, eta han izango da, azaroaren 12ra arte.
Luis Iriondo eta Jose Antonio Uriguen maisu zituela, Arteskolaren bitartez izan zuen Rosa Aretxederretak lehenengo hartu-emana pinturarekin. 1982. urtea zen lehen urratsak eman zituenean, eta ordutik ez du inoiz alboratu afizio baino gehiago dena. Izan ere, ihereserako bide bat da pintura gernikarrarentzat, “munduan dauden arazoak ahazteko” modua eskaintzen dion zirrikitu bat. “Margotzen dudanean bakartu egiten naiz, eta niretzat une horietan ez dira gerrak, arazo etnikoak eta mundua suntsitzen duten bestelako zorigaitzak existitzen. Ni eta nire koadroa baino ez gaude; ez dut beste inor behar”.
Erakusketaren bidez agerian geratzen da edozein gai jorratzen duela bere lanetan, baina batez ere “paisaiak, baserriak, itsasoa…” dauzka gustuko. Hala, Mundakako portua, Bermeokoa, Laga hondartza eta Ogoño lurmuturra, Laida eta Izaro, Oka ibaia, Lekeitioko Garraitz irla, Gaztelugatxe… islatu ditu batzuetan. Idiak, tximeleta, almendrondoak… ageri dira beste batzuetan.
Busturialdea daukate askok oinarrian, baina bertoko mugetatik haragoko errealitatea ere mihisera eroan du Aretxederretak. Horren adibide dira Holandako itsasontziak, Kanadako mendiak, Maroko, Santillana del Mar edota Miranda Ebro oinarri dituztenak. Txinako egunkari bat ere nabarmendu du Gernika-Lumoko artistak, semeak ale bat ekarri ondoren egindakoa.
Margotzea, “bizia”
Bisitatzen dituen lekuetan saiatzen da inspirazioa nahiz “batzuetan ihes egiten digun oharkabeko edertasun hori” aurkitzen. Batzuetan argazki bat ateratzen dio lekuari, eta ondoren eroaten du mihisera, bere bakardade eta lasaitasunean; beste batzuetan asto eta paleta eta guzti ateratzen da kalera, lekuan bertan margotzeko.
“Bizia” du margotzea, eta ia egunero eskaintzen dio tarte bat. Zenbaitetan orduak ematen ditu margotzen, “konturatu barik”. Emaitza Elai-Alai aretoan dago, eta, gainera, erakusten bakarrik ez, saltzen ere badauzka margolanak, 250 euro eta 390 euro artean. Lanetako bat erosi gura duenak berarekin harremanetan jar dadila eskatu du, “deskontuak” egin daitezkeelako.
pintura erakusketa