Gizonezko bi atxilotu dituzte Gernika-Lumon, enpresari bati iruzur egitea leporatuta
Herriko enpresari bati ibilgailu batzuen salerosketa egiterakoan wash-wash edo billete tindatuen teknikaren bitartez 11.000 euroko maula egiten saiatzea egotzi die Ertzaintzak atxilotutako bi lagunei. Enpresariak iruzur susmoa hartu zuela eta, Ertzaintza ohartarazi zuen, eta, poliziak transakzioa egiteko unean atxilotu zituen, atzo arratsaldean.
Zehaztu dutenez, atzemandako bi lagunak egun batzuk lehenago jarri ziren harremanetan enpresariagaz, zenbait ibilgailu saltzeko zituztela esanez; tartean, indusmakina bat, kamioi bi eta furgoneta bat. Salerosketa egiten ari zirenean, paper sorta bat atera, eta produktu erreaktibo bat botata paperak 50 euroko billete bihur zitezkeela ikusarazi zioten enpresariari, hura ohartu barik paperak billeteengatik ordezkatu ondoren.
Enpresariak, susmo txarra hartuta, eskaintza errefusatu zuen, eta iruzugileak alde egiten ari zirenean, poliziak gerturatu eta atxilotu egin zituzten.
35 eta 33 urte dituzte ustezko iruzurgileek. Ertzaintzak esan du datozen orduetan eroango dituztela epailearen aurrera.