Argazkian, Askatasun Bidea, Bermeon.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, saihesbideko lanak direla eta, Bermeoko trafikoan eta, batez ere, aparkalekuetan, hainbat aldaketa egongo dira. Izan ere, saihesbidearen biaduktuak eraikitzeko “garraio astuna” igaro beharko da herritik. Hori dela eta, eta hormigoizko habeak eramango dituzten garraio bereziak herrian sartu ahal izateko, Askatasun Bidea kaleko aparkalekuak mugatu beharko dituztela azaldu dute.
Lan horiek noiz jarriko diren martxan, zehazki, ez daki Bermeoko Udalak. Dioenez, Bizkaiko Foru Aldundiak azarorako aurreikusten ditu lan horiek hastea, baina oraindik datarik ez dutela zehaztu azaldu du udalak. Dena den, data zehatza duen momentuan herritarrei jakinaraziko dietela esan dute. Bestalde, obra horiek 17 egun iraungo dituztela badaki udalak. Gainera, azaldu duenez, 17 egun horietatik bost egunetan Askatasun Bidea kaletik kotxeak atera beharko dira, egun horietan zehar, aparkatzea debekatuta egongo baita alde bietan.
Gainontzeko egunetan, berriz, aparkalekuak mugatzeko beharrizana izango du Bermeoko Udalak; hala, kale horretako alde batean eta bihurgunean ezin izango da kotxerik utzi.
Udalaren arabera, lanek irauten duten bitartean, garraio astunak Gernika-Lumotik etorriko dira, eta obra tokira bi lekutatik sartuko dira: San Andres kaletik, batetik, eta Zubiaur tar Kepa kaletik, bestetik. Horrek egun batzuetan hainbat kaletako hiri elementuak kentza ekarriko duela azaldu du udalak: esaterako, “argi-puntuak, semaforoak, hesiak, aginte-zentruak…). Hala ere, aurrerago berriz ere beraien lekuan jarriko dituztela aurreratu dute.