
Liga hasireako partidaren momentu bat
Tenerife Isla Unicaren (Kanariar Uharteak) gainetik pasa zen Gernika Bizkaia saskibaloi taldea, emakumezkoen Bigarren Mailako ligako estreineko jardunaldian. Partida ederra jokatuta, gernikarrek 90-41 hartu zituzten menpean kanariarrak. Hala, lider jarri dira alde eta kontra dituzten puntuen aldeagatik. Gernikarrak, mailari eusteko helburuagaz zelairatu dira 2013-2014 denboraldian, baina helburu garrantzitsuagoei uko egin barik. Hortaz, badirudi bide onetik doazela bertokoak.
Malosten jokatutako ligako lehen jardunaldiak ez zuen misterio handirik izan. Gernika Bizkaiak hasieratik hartu zuen aurrea, Tenerife Isla Unica aukera barik utziz. Bertokoek defentsa gogorrak itota, kanariarrek ezin izan zuten partidan sartu. Puntuak pilatzeko zailtasun handiak izan zituzten.
Lehen laurdenaren amaieran, dagoeneko, bertokoak 21-9 ziren aurretik. Bigarren laurdenaren hasieran Kanariar Uharteetakoek aldea murriztea lortu zuten baina itxurakeria hutsa izan zen. Gehienez bederatzi puntura hurbildu ziren. Gernika Bizkaiak, baina, lanerako gogoa zuen, eta laster handitu zuen errenta berriro ere. Bigarren laurdenaren amaieran 42-19 ziren aurretik gernikarrak.
Partida erdia jokatuta, neurketa ia erabakita zegoen, baina gernikarrak ez ziren erlaxatu. Gogor lan eginez, Malosten bildutako zalegoari poztasun handi bat ematea lortu zuten. Hirugarren laurdenaren amaieran 63-31 irabazten zuten bertokoek, eta, azken laurdenean, talde lana borobildu zuten ia 50 puntuko aldeagatik irabaziz.
Britany Miller hoberena
Partida hoberena Britany Miller estatubatuarra izan zen. 20 minutu jokatu zituen bakarrik, baina zenbaki oso onak lortu zituen. 21 puntu sartuta, eta bederatzi errebote hartuta, 29ko balorazioa lortu zuten. Naiara Diez eta Patricia Valiente ere bikain moldatu ziren. Diezek 25 puntu sartu zituen 24ko balorazioa lortuz. Valientek ere 24ko balorazioa lortu zuen, hemeortzi puntu sartuta eta zortzi errebote hartuta.