
Gernika-Lumon egindako protesta
Joan den astean ezagutarazi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio Prada preso ohiari buruzko ebazpena, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak osoko bilkura egin zuen ostiralean; bertan aztertu zuten, Estrasburgok Parot doktrinaren aurkako epaia emanda, doktrina hori ezarria duten presoen helegiteen aurrean nola jokatu.
Auzitegi Nazionalaren arabera, Del Rioren inguruko ebazpenak eragina du preso ohiaren kasutik harago ere, eta “antzeko” egoeran dauden preso guztietan ezarri behar da Estrasburgoren irizpidea. Hori argudiatuta askatu zuten Piriz. Hamazazpi epailetik hamaseik bozkatu zuten Piriz libre uztearen alde.
Jose Ricardo de Prada epaileak idatzi zuen autoa. Argudiatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak agerian utzi duela Parot doktrinaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren arteko “bateraezintasuna”. Gaineratu du Estrasburgoren epaia ez betetzeak “nazioarteko betebehar juridikoak urratzea” eta “Europatik eta bere zibilizazioko zentzutik aldentzea” baino ez lukeela eragingo.
Busturialdean bi presok daukate 197/2006 doktrina ezarria: Elias Fernandez bermeotarrak eta Josune Onaindia muxikarrak.
Bestalde, Marc Muller Ines del Rioren defentsa egin duen abokatuak esan duenez, Estrasburgok emandako epaia argia da, eta 114. paragrafoan garbi esaten du Ines del Riori ez ezik egoera horretan dauden gainerako preso guztiei ere aplikatu behar zaiela. “Politikaz biluztuz gero” gaia oso sinplea dela azaldu du Mullerrek, Estrarburgoko Auzitegiaren aurrean eman zituen argudioak gogora ekarriz. Legalitate printzipioan ari baita.
Mullerrek ulertzen du Espainiarentzat gai “konplikatua” dela, baina epaia ez dela Espainiarentzat erasoa nabarmendu du. Espainia ere Europaren parte delako, eta hura babesten duelako Giza Eskubideen Hitzarmena sinatuta. Europak legea aplikatu duela, besterik ez.
Epaiaren balorazio juridikoa egin zuena Mullerrek, argi esanez Espainiaren “barne arazoetan” ez zela sartuko. Eskubide urraketa egon dela, Europako Auzitegiak onartu duela, eta eskubide urraketa hori bukatzeko epaia aplikatu behar dela Del Rioren auzian ez ezik gainerakoenetan ere.