
Bizkaia Gernikaren eta Getxo Artearen arteko pertida
Bizkaia Gernika errugbi taldeak 17-20 hartu zuen menpean Getxo Artea, joan den asteburuan. Bizkaitarren arteko lehen derbia, hortaz, beharrizan handiena zeukan taldeak irabazi zuen. Izan ere, Gernika-Lumoko taldeak galduz gero, sailkapenaren zuloan izango lirateke basurdeak. Garaipena lortuta, baina, pauso garrantzitsua eman dute gernikarrek, sailkapenean atzean ez geratzeko. Hamargarren postuan jarraituko dute aste bete gehiago, baina azken hiru sailkatuekiko errenta handitu dute getxoztarrei irabazita.
Partida ez zen ondo hasi bertokoentzat. Getxo Artea hobeto zelairatu zen, markagailuan aurrea hartuz. Apurka- apurka, baina, Bizkaia Gernikak aurerra egin zuen, eta 21. minutuan norgehiagoka berdindu zuen. Lehen zatiaren bigarren erdia oso orekatua izan zen, baina Getxo joan zen abantailagaz atsedenaldira. Hain zuzen, 14-10 ziren aurretik getxoztarrak lehen zatiaren amaieran.
Bigarren zatian, basurdeak jaun eta jabe izan ziren. Joko ona eginez, Getxo atzealdean sartu zuten bertokoek. Hala, neurketari buelta ematea lortu zuten basurdeek, Lathan zeelanda berritarraren entsegu bati esker. 52. minutuan Getxok partida berdindu zuen barriro, markagailuan 17nakoa jarriz. Zazpi minitu beranduago lortu zituen garaipenaren puntuak Iñigo Olaetak. Zutoin artera egindako jaurtiketa bati esker, etxetik kanpo denboraldiko lehen partida irabazi zuten gernikarrek.
Partida amaieran bertokoek erasoan jarraitu zuten, baina ez zituzten puntu gehiago lortu. Getxo Arteak ezin izan zuen ezer egin basurdeek makinaria geratzeko, eta defentsako bonus puntuagaz konformatu behar izan zuen.
Partida irabazita, Bizkaia Gernikak 11 puntu dauzka sailkapenean. Getxo Artea seigarren sailkatua, lau puntuda daukate bertokoek. Vigo azken sailkatuak, bestalde, bost puntu dauzka, eta Ciencias Fundacion Cajasol azkenaurreko sailkatuak sei puntu.