
Bermeoko etxebizitza bioklimatikoak
2013ko higiezinen promoziorik jasangarrienaren Endesa saria da Eusko jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren menpeko baltzu publikoak Bermeon sustatutako babes ofizialeko etxeek hartu dutena. 2007ko promozio horrek 50 etxebizitza dauzka, eraikin bitan banatuta. Horiek saritzeko, arlo tekniko eta legalen eta marketinari dagozkienen artean Visesak lortutako oreka baloratu du epaimahaiak.
Ramon Ruiz Cuevas eta Adolfo Moro Quintana dira Bermeoko proiektuaren arkitektoak. Bi mailatan dauden bi plazari forma ematen dioten bi eraikin sortu zituzten. Plaza horietako bat “klimatologiaren ondorioetatik babestuta” dago, eta “besteak itsasoagaz eta paisaiagaz hitz egiten du”, arkitektoek azaldu dutenez. Gainera, Euskal Herriko baserrien orientazioa izan zuten inspirazio iturri egileek. Hartara, eraikin biak eguzkiari begira daude.
Hegoaldeko fatxada baso jasangarrietako egurragaz egindakoa da, eta, esan dutenez, eguzki izpiak modu pasiboan har zitzan diseinatu zuten. Horretarako, leiho handiak eta inertzia termiko handiko zolaketa iluna jarri zuten. Iparraldeko aldeak, aldiz, adreilu keramiko zuriz jantzi zuten.
Covadonga Solaguren Etxebizitza Saileko sailburuordeak eta Visesako zuzendari orokorrak hartuko dute saria gaur, Bartzelonan. Dena den, ez da Bermeoko promozioa saritzen duten lehen aldia. Hain zuzen, 2002an Visesa XX! lehiaketa irabazi zuen, eta 2008an eraikuntza iraunkorraren mundu mailako kongresuan Espainiako estatua ordezkatzeko hautatu zuen IISBEk (Internacional Initiative for Sustainable Built Environment).
Horrez gain, urte hasieran Gaztela Leongo juntak antolatzen duen eraikuntza jasangarrien sariketa irabazi zuten Bermeoko etxeek.