Jone Amezagaren kontrako epaiketa egin dute gaur Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta epaiaren zain geratu da errigoitiarra. Iazko Urriko Azken Astelehenean pankarta bat jartzeagatik, terrorismoa goratzearen akusaziopean epaitu dute gaur. Gaztearen abokatua den Jone Gorizelaiak, baina, Amezagaren kontrako frogarik ez dutela aurkeztu esan du: “Pankarta hura berak egin edo jarri zuen inongo frogarik ez dute”; eta palu batean Amezagaren hatz markak aurkitu zituztela izan da auzipetuaren kontra epaiketan aurkeztu duten froga bakarra. “Zantzu bat baino ez dute, eta antzeko kasuetako sententziak oinarri hartuta, zantzuekin eta frogarik gabe ezin daiteke inor zigortu”. Froga legez aurkeztu duten makila horiek Gaztetxean erabiltzen zituztela azaldu du Amezagaren abokatuak, eta edonork har zitzakeela. Fiskalak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Errigoitiko gaztearentzat.
Bestalde, auzi saioan euskaratik gaztelerara egin duten itzulpen “txarra” salatu du Jone Goirizelaia abokatuak. “Arazoak izan ditugu hizkuntzarekin, eta ezin ulertu ibili gara. Itzulpenak epaiketa oztopatu du, eta azken lekukoak gazteleraz deklaratu behar izan du”.
Elkartasuna

Jone Amezagari elkartasuna adierazteko eta “epaiketa politikoa” salatzeko protesta
Jone Amezagari elkartasuna adierazteko, 125 lagun inguru batu ziren atzo, Merkurio Iturriaren ondoan egindako elkarretaratzean. Errigoitiko herritarrari elkartasuna adierazteagaz batera, Espainiaren jarrera salatu dute bildutakek, “iraganeko garaietara bueltatu” nahi izateagatik.
Biharko ere, gazteari elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte. Hain zuzen, manifestazioan aterako dira bertoko herritarrak, Espainiaren jarrera “atzerakoia eta onartezina” salatu asmoz. Merkurio iturrian emango diote hasiera manifestazioari, 19:30ak aldera.