
Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko DBH2 eta 3ko ikasleek asteko egun bitan Sancti Spritus zaharren udal egoitzako adineko pertsonekin igarotzen dute euren denbora librea. Joan den astean jarri zuten martxan hezkuntza proiektua, eta ikasturte osoan zehar iraungo duela jakinarazi dute. Dagoeneko hainbat saio egin dituzte, eta horiekin pozik dira bai Gizarte Ongizate Patronatua eta baita Sagrado Corazonekoak ere. Horiek diotenez, esperientzia «positiboa eta aberasgarria» da; izan ere, «gazteek eta adinekoek elkarrengandik gauza asko ikasi ahal dituztela konturatzen dira eta momentu politak eta dibertigarriak igarotzen dituzte». Hala, gazte eta nagusiek hitz egiten, jolasten eta hainbat ekimen elkarrekin egiten jarraituko dute datozen hileetan ere.