2014ko urtarrilaren 11an Bilbon egingo duten mobilizazioaren aurkezpen ofiziala Gernika-Lumon egingo dutela jakinarazi du gaur Tantaz tanta herri ekimenak. Hain zuzen, azaroaren 9an izango da aurkezpena Astra kulturarako fabrika sozialean: 10:00etan batuko dira eta 12:00etatik aurrera emango dituzte komunikabideentzako azalpenak.

Gaur egin du Bilbon agerraldia Tantaz Tanta herri ekimenak.
Gatazkaren konponbidean aurrera egiteko bide gisa aukeratu dute Gernika-Lumo; «askatasunaren eta bakearen sinbolo gisa». Gainera, urtarrileko mobilizazioa iragartzeko gune berezia dela diote Astra; izan ere, «herritarrek era horizontal eta autogestionatuan kulturarentzako gune bihurtutakoa da Astra».
Euskal jendarteko esparru ezberdinetako pertsonak bildu dira gaur Tantaz Tantak Bilbon egindako agerraldian, eta azaroaren 9an sektore eta jatorri ezberdinetako beste hainbat lagun batuko direla adierazi dute. Era berean, iniziatiba horren helburua zein den ere azaldu dute: «topakera horretan parte hartuko duten pertsonek urtarrilaren 11ko mobilizazioa definitzea eta karakterizatzea», alegia.
Bestalde, Herrira presoen eskubideen aldeko mugimendua «giza eskubideen aldeko ekintzaile talde bat baino gehiago» dela gogora ekarri dute, «soilik ikustera hel gaitezkeen itsaso sakon baten lehen geruza» dela, «justizia eta bake desioz osatua dagoena». Era berean, Herriraren lana «nekaezina» izan dela aipatu dute, «gutxieneko komunen bilatzea eta jendartean kontsentsuak lortzea bere ekinbidearen iparra izan direlarik».
Halaber, Herrira-ren aurkako polizia operazioa «neurrigabekoa» izan zela eta ezin izango dela indarkeriaz herri oso baten borondatea menderatu ohartarazi dute. Hala, salbuespen neurriekin bukatu beharra dagoela adierazi dute, «presoen giza eskubideak urratzen dituztelako».
Hainbat lagun dira gaurko agerraldian izan direnak edota izaterik izan ez dutenak ere; horietako askok, gainera, euren atxikimendua erakutsi dute. Besteak beste, euskal kazetariek, idazleek, unibertsitateko irakasleek, kirolariek, musikariek, aktoreek eta abokatuek emango diete atxikimendia aipatu inizitibari. Dena den, azaroaren 9a bitartean, zerrenda hori handitzen joango dela diote.
«Esperantzaz gainezka»
Beraz, azaroaren 9an Astratik hasiko dute urtarrileko Bilboko kaleetarainoko bidea eta ziur dira Bilbon «milaka herritarrez isatutako itsasoak gainezka egingo duela, esperantzaz gainezka». Hala, Bilbon, milaka borondate berriztatuko direla eta beste hainbat konpromiso elkar topatuko direla diote. «Giza eskubideak, konponbidea eta bakearen aldeko konpromisoak, aldarri bati loturik: Euskal presoak Euskal Herrira!».