
Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak 2013-2014 denboraldiari ekingo dio, bihar. Hain zuzen, Tenerife Isla Unica (Kanariar Uharteak) taldearen kontra jokatuko dute ligako estreineko partida gernikarrek. Bertoko taldeak etxeko zaleen babesa izango du denboraldi ofizialeko lehen partidan, Malosten hasiko baitu liga, 20:00etan. Gernikarrek hirugarren urtez jokatuko dute Emakumezkoen Bigarren Mailan, hazten jarraitzeko helburuagaz.
Mario Lopez Gernika Bizkaiako entrenatzaileak jakinarazi duenez, liga hasteko “gogotsu” daude. Aurredenboraldi gogor baten ostean, “taldearen benetako maila” zein den ikusi gura dute gernikarrek.
Tenerifeko taldea menpean hartzeko, bertokoek defentsa gogorra egin beharko dute. Batez ere, kanpoko lerroko jokalariak zaindu beharko dituzte, kanariarrek min handia egin baitezakete kanpoaldeko jaurtiketekin. Bestalde, erasoan asmatzea ere ezinbestekoa izango da garaipena Malosten geratzeko.
Entrenatzaileak esan duenez, “barneko jokoa egiten ahaleginduko gara”. Miller-ek eta Valientek erreboteak hartzeko eta puntuak sartzeko ardura izango dute. Lopezek dioenez, “taldeak izan duen pibot bikote hoberena da”. Hortaz, denboraldian zehar “ekarpen handia” egingo dute.