Atzo iluntzean batu ziren Morgako Katxi jatetxean Urremendi Landa Garapen Elkarteak sustatutako
Urdaibaiko Esentziak proiektu turistiko enogastronomikoaren lehen ekitaldian. Bertan, eskualdeko abere produktuekin egindako menua dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek; alegia, esnekiak eta haragia izan zituzten aukeran. Dastaketaz gain, esperientzia ezberdinak elkar trukatzeko aukera ere izan zuten atzo Morgako jatetxean bildutakoek, eta, hala, dastatutako produktuen aukera turistiko gastronomikoetaz ere mintzatu ziren.

Atzo egin zuten proiektuaren lehen ekitaldia Katxi jatetxean. Argazkilaria: Urremendi
Busturialdea-Urdaibaiko garapena bultzatze aldera, lehen sektorearen eta gastronomia munduagaz erlazionatutako eragileen dinamizazioaz sortutako proiektua da
Urdaibaiko Esentziak. Proiektu horren helburua, halaber, “maila altuko produktu gastronomikoak eta errezetak merkaturatzea” dela dio Urremendik; betiere, “bertoko produktuekin eta komertzializazio zirkuitu txikiak indartuz, produktu horiek garapen ekonomiko eta xarma turistiko baliabide bihurtzeko”.
Proiektuaren baitan, bina ekimen-gastronomiko garatuko dituzte hilero, urrian hasi eta abendura bitartean. Batetik, afari formatuan dakartzaten ‘Gran Club’ delakoa burutuko dute, eta, bestetik, ardo-dastaketa. Atzo egin zuten, hain zuzen ere, urriko
Gran Club deritzona, eta ardo-dastaketa, ostera, datorren astean egingo dute; biek ala biek izango dute abeltzaintza gai nagusitzat. Azaroan eta abenduan ere egingo dituzte, batetik, Gran Club ekimena, eta, bestetik, ardo-dastaketa; batean arrantza izango dute gaitzat, eta bestean, nekazaritza. Hala, hilabete bakoitzean lan talde bana izango da, eta horiek euren proposamen gastronomikoak zehaztuko dituzte.
Urriko ekitaldiko lan taldea honakoa da, esaterako: Morgako Katxi Jatetxea, Mundakako FGoikoa taberna, Andutzako Landa-Etxea Ean, Morgako Talleri Upeltegia, Iturbe Anaiak abeltzantza ekoizleak, Sabin Aranburu gazta ekoizlea, Santanako Esnea, Txerrizaleok eta Euskal Herria Museoa, gastronomia eta bertako euskal proudktuen erakunde hedatzaile gisa.
Lan talde horrek aurkeztutako
proposamen gastronomikoa, ostera, honakoa izan da:
–
Koktela: Talleri Upeltegiko Txakolina eta Sabin Aranbururen gazta.
–
Hestebete entsalada ezti gatzozpintzeagaz: Goikoa Tabernak prestatuta Txerrizaleok produktuekin. Bitxia Zuria (Talleri Upeltegia).
–
Lanbro: Porru-Krema buzkantz hondo gainean: Goikoa Tabernak prestatuta Iturbe Anaiak produktuekin. Bitxia Seleccion (Talleri Upeltegia).
–
Ministroak Bizkaitar erara: Txerri-hankak bizkaitar saltsagaz. Katxi Jatetxeak prestatuta Txerrizaleok produktuekin. Bitxia Seleccion (Talleri upeltegia).
–
Hegal berdea: Hegal errea entsaladagaz Katxi jatetxeak prestatua Iturbe Anaiak produktuekin. Bitxia Lias (Talleri Upeltegia).
–
Hegal gorria: Hegal txingartua piper gorri erreagaz Katxi jatetxeak prestatua Iturbe Anaiak produktuekin. Bitxia Lias (Talleri Upeltegia).
–
Bitza: Arroz-esne bitza. Katxi jatetxeak prestatua Santana Baserriko behi esneagaz.
Hala, azaroko eta abenduko ekitaldiak burututa, merkaturatzeko produktu gastronomikoen eta errezeten inguruko ondorioak aterako dituzte.