Hasi dira Gernika-Lumon baserritarren egun handirako prestakizunak. Beste behin, milaka lagun hartuko ditu herriak, urriko azken asteleheneko azokaren harira. Aurten 277 izango dira herrian zehar barreiatuta kokatuko dituzten saltokiak, “iazko antzera”, Iñaki Gorroño Eria arloko zinegotziaren esanetan. Kontsumitzaileei beren uztako produkturik onenak eskainiko dizkiete baserritarrek, Gernika-Lumoko plaza baita Bizkaian antolatzen diren azoken artean “kalitate handienetakoa”, BBK-ko Alberto Madariagak baieztatu duenez.
09:00etan zabalduko dute azoka, eta aurten ere gazta ekoizleek ipiniko dute saltoki kopururik altuena, 74k eskainiko baitituzte produktu hori. Horiez gain, ortuarien 47 saltoki izango dira, artisauen 46, fruten hamabi, makinariaren hamahiru, eztien sei, txakolinen hogei, ogi eta euskal pastelen 22, kontserben hamabi, sagardoen sei, erroskilen bost, esnekien eta loreen bina eta bestelako produktuen bost.
Horiek guztiek parte hartuko dute ortuarien, fruten, loreen, txakolinen, eztien eta gazten lehiaketan. Aurten ere epaimahaia nekazal munduko teknikari adituek osatuko dute, Bizkaimendiko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Jatorrizko Deiturako kideek puntuatuko baitituzte produktuak. Halaber, sukaldari aski ezagunek dastatuko dituzte gaztak. Hain zuzen, Haizian jatetxeko Jose Miguel Olazabalaga, Jauregibarriako Beñat Ormaetxea, Baskook jatetxeko Aitor Elizegi, Zalloko Iñigo Ordorika, Zortzikoko Daniel Garcia, Minako Alvaro Garrido, Tamesiseko David Garcia, NH Hotelak kateko Txomin Gomez eta Boroako Jabier Gartzia izango dira epaileak, Itsasmendi upategiko enologo Ana Martinekin batera.
Erakusmahaien kokapenari dagokionez, iazko ereduari jarraituko diola azaldu du udalak. Hartara, “garbiketarako aukera hobeak ematen dituela eta”, makineriaren 35 saltokiak Juan Calzadan egongo dira. Artekalen (64), San Juanen (60), Pasealekuan (46), Industria kalean (42), Juan Calzadan (35) eta Ocho de Eneron (22) egongo dira gainontzekoak. Saltzaile ibiltariak, aldiz, Santa Ana aparkalekuan kokatu dituzte.
Txosnak, bestalde, Foru plaza (Apareu eta Arkupe pelota elkartea), Ciutat de Bergan (Gernika saskibaloi), Pasealekuan (AEK/ Busturialdean Euskaraz Bizi), Saraspen (Gernika Off Road), Alondegian (Jai Alai), Adolfo Uriosten (Esan) eta Domingo Alegrian (Gernika Club eta Rugby Taldea) egongo dira. EHNE sindikatuarenak osatuko du eskaintza; Juan Calzadako lokalean egongo da azken hori.
Egitaraua
09:00etan. Nekazal produktuen lehiaketaren hasiera eta nekazal makinariaren erakusketa.
12:00etan. Bertsolariak, Merkurio iturriaren inguruan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina.
13:30ean. Sari banaketa eta gaztaren enkantea, Merkurio iturrian.
17:30ean. Zesta-punta partidak, Jai Alai frontoian.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.