Apiril bukaeran hirugarren diskoa kaleratuta, euren musika eskaintzen darraite Memoria de Pez taldekoek, eta, aurrerantzean ere, hala jarraituko omen dute; horretarako esperantza, behintzat, izan badute. Diotenez, gaur gaurkoz, landatzen dabiltza momentu baten batu ahal izateko.

Memoria de Pez musika taldea. Argazkilaria: Roke Gezuraga
Taldearen estilotik aldendu barik, oso abesti rockeroak ekarri ditu Memoria de Pezen hirugarren disko horrek entzuleen belarrietara; dena den, kanta suabeagoak gustuko dituenak ere badu zegaz gozatu, horietariko batzuk ere biltzen baititu. Azken kaleratze horretan, gainera, “zorte ona” izan dutela aitortu dute taldekideek;izan ere, hainbat musikariren kolaborazioa izan dute. “The Riff Truckers eta Extremoduro taldeetako abeslariek parte hartu dute, eta hori guretzat ohore handia da; gainera, jende gehiagorengana heltzeko aukera ere ematen digu horrek”. Hala, abesti zahar eta berriak bilduta, kontzertu “osatuagoak” eskaintzen ditu orain Memoria de Pezek taulagainean.
Kalean den hirugarren disko horregaz, gainera, taldea finkatua ekarri dute Memoria de Pezekoek. “Talde modura ditugun dohaiak aprobetxatzen jakin dugu disko horregaz; gehiago ezagutzen dugu elkar, eta, beraz, gure alde onak eta ez hain onak zeintzuk diren badakigu”. “Elkarregaz jotzen” gozatzen du taldeak gehien: “furgoneta hartu, kilometroak egin eta ailegatzen garen tokian gure onena ematen sentitzen gara gu gustoren”. Noizbait euren bizimodua musika eginez ateratzea gustatuko litzaiekela aitortu dute, baina, horra ailegatzeko “lan asko” egin behar dela jakin badakite. Are gehiago, gaur egungo egoera ikusita, musika egiteaz gain,
manager zein komunikazio lanak ere egin behar izaten direla diote, “hori norberak egin ezean, gutxik egiten baitute aurrera”.
Lanean jarraituko dute
Hala, diskoak kaleratzen eta kontzertuak ematen jarraitzen duten bitartean, lanean segituko du taldeak; izan ere, “zerbait lortzekotan, lana eginda izango da”. Herritarrei ondo pasatzeko aukera emanez, Espainiako hainbat hiriburutan izan dira orain arte, eta hemendik aurrera ere, beste hainbat bisitatuko dituzte. Momentuz, behintzat, Caceresko, Avilako eta Segoviako kontzertuetan euren onena ematen jarriko dute arreta. Izan ere, oraindik “asko” dute emateko.