
Arantza Quiroga eta Patxi Lopez, azken horrek Gernikako arbolaren aurrean kargua sinatu zuen egunean. Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Jon Bernardez
Alderdi Popularreko 30 edo 40 kiderez gain, Arantza Quiroga EAEko PPren presidentea izango da barikuan, besteak beste, Gernika-Lumoko ekitaldian. Gernikako arbola izango da lekuko, han egingo baitute ospakizuna. Azaldu dutenez, “Euskadiren historia balioestea eta estatutua goraipatzea” izango dute helburu PPko kideek.
Patxi Lopezen gobernuak ezarri zuen Euskadiren Eguna urteko jaiegunen ekitaldian, PSE-EE, PP eta UPyDren aldeko botoekin. 1979ko autonomia estatutua sinatu zuten eguna hautatu zuten horretarako: urriaren 25a.
Alabaina, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak asteon jakinarazi du eurak ez dutela ezelako ospakizunik antolatuko barikurako. Izan ere, Euskadiren Eguna egutegi ofizialetik kentzeko lehen pausoa eman zuen ekainean Eusko Legebiltzarrak. Egun hori bertan behera uzteko EAJk aurkeztutako lege proposamenak aurrera egin zuen, EH Bilduren babesarekin. PSEk, PPk eta UPDk, berriz, aurkako botoa eman zuten. Jaiegun hori arautzen duen legea indargabetzeko prozedura hasia du, hortaz, legebiltzarrak.