Batetik, Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bidea eman nahi dio Errigora proiektuak, “merkatu globalizatua eragiten ari den kalteari aurre egiteko”. Bestetik, Nafarroa hegoaldeko
zona no vascofona-ko euskalgintza ekonomikoari bultzada ematea du helburu. Orain, udazkeneko kanpaina abiarazi dute
Nafar Hegoaldeko uzta, Euskarari puzka, eta proiektuaz gain kanpaina hori aurkeztuko dute gaur, 19:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean.
Jakinarazi dutenez, iaz eremu txikiagoan eman zuten proiektua ezagutzera, Eleizalde ikastolan, esaterako. Aurten, baina, herri mailan landu nahi da.
Nafar Hegoaldeko uzta, Euskarari puzka kanpainan, Nafarroako Hegoaldeko produktuez osatutako saskiak banatuko dira Euskal Herrian zehar. Saski koloretsua izango da, nafarroako produktu ezberdinen erakusleiho izan nahi duena. Hiru asteko kanpaina izango da eta saskia eskatu nahi dutenen zerrendak osatuko dira aste horietan.

Saski horien bitartez, Euskal Herrian Nafarroako hegoaldean ekoizten dena ezagutarazi nahi dute. “Elikagai batzuk ekologikoak dira beste batzuk ekoizpen konbentzionalekoak, baina guztiak kalitate onenekoak”, diote. Saskiak 50 euro balio du. Saski berdina merkatuan erosita ere 50 eurotako salneurria izango lukeela azaltzen dute. Hala ere, kasu honetan, herritarren lan bolondresak egindako bitartekaritzari esker, %25 euskarari bideratzea errealitate bihurtzen da.