Artika auzoa ezagutzera emateko martxa antolatu dute domekarako
Artike Bizirik auzo elkarteak antolatu du mendi martxa hori. 09:00etan abiatuko da mendi martxa Artike kaleko antzinako aberehiltegitik. 14 kilometroko ibilbidea egingo dute auzo guztia hartuta, eta Infrisa enpresan izango dute helmuga. Ibilbidean zehar anoa postu bat izango da eta helmugan ere edariak banatuko dituztela jakinarazi dute.
Parte hartu gura duten horiek zapatura arte dute izena emateko aukera Gizarte eta Kultura Etxean. 12 urtetik beherakoek euro bat ordaindu beharko dute, hortik gorakoek, aldiz, bi euro.
Imanol Rodriguez Artike Bizirik auzo elkarteko kideak azaldukoaren arabera, auzoa ezagutzera emateko asmoz antolatu dute domekako martxa: «herriko auzo gehienek, beren jaiak dituzte. Guk, jairik ez dugunez, martxa hau egitea erabaki dugu, ea zelako erantzuna duen».
Gabeziak erakutsiko dira
Rodriguezek gogorarazi duenez, «hainbat dira egunero Artike bideatik joanda, Errotetatik paseatzen ibiltzen diren herritarrak. Bide horretan, gabezia handi bat dago, ez dago argiztapenik. Jendea, gainera, islatzaile barik joaten da eta nahiko arriskutsua da, autobusak eta kamioiak ibiltzen baitira gora eta behera». Jakinarazi duenez, behin baino gehiagotan eskatu dituzte farolak bide horretarako, «antzadenez, Bermeoko Udalean ez dira akordio batera iristen», dio Rodriguezek. Mendi martxaren beste helburuetako bat, hortaz, arazo horren berri ematea dela aipatu dute antolatzaileek.