'Tax lease' laguntzen judizializazioa "gehiago ez nahasteko" eskatu du Jaurlaritzak
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak goizean adierazi legez, “ez ontzigintza sektoreari ezta Eusko Jaurlaritzari ez zaio komeni tax lease laguntzen auzia judizializatzea, ahalik eta arinen honekin amaitzeko”. Hala, Espainiako Gobernuko Industria Ministeritzari “hainbatetan” hala jakinarazi diotela aipatu du.
Espainiako ontzigintza sektoreak tax lease sistematik eratorritako laguntzen inguruan Europar Batasuneko Lehia komisarioak hartutako erabakia “bidegabekoa, neurrigabea eta diskriminatzailea” izan zela aipatu du beste behin ere goizeon Tapia sailburuak. Sektoreari eragindako “kalteak” jakinak badira ere, “jarrera konstruktibo baten” beharra aipatu du: “ez da atzera begiratu behar, eta ontzigintza sektorearen egungo zein etorkizuneko egoeragatik lan egin beharra daukagu”. Ildo horretan, sektorearen jarduna bermatzeko bidean “segurtasun juridikoa, gehienezko bermea eta merkatuan konfiantza sortzea” eskatu du.