Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute Amezaga, eta epaiketa “politikoa” salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte Gernika-Lumon. Batetik, eguaztenean elkarretaratzera deitu dute, 19:30ean, Merkurio iturriaren inguruan. Bestetik, barikuan manifestazioa egingo dute, 19:30ean Merkuriotik abiatuta.
Gaztearen kontrako auzia nahiz 35/02 eta 26/11 sumarioak salatzeko agerraldia egin zuten joan den astean Gernika-Lumon. Hainbat lagun bildu ziren Europako herrien parkean, eta, esan zutenez, Euskal Herrian zabaldutako aro itxaropentsuaren aurrean, Espainiak “errepresioaren bidean tematurik” darrai. Kritikatu zuten “Euskal Herrian gatazkaren konponbidearen alde hainbeste urrats” eman direnean “Espainiako estatuak Euskal Herriari atzerapausoak besterik ez” dizkiola eskaintzen.
Oztopoak oztopo, alabaina, etsiko ez dutela esan zuten. “Herritar librez osaturiko herri librea amesten dugu, eta lan horretarako ilusioa sobera dugu. Gaur, hemen, elkartasuna eta konpromisoarekin, denon ekarpen txikiaz, lortuko dugu epaiketa politikoak gelditzea”. Hari beretik, bildutakoek urriaren 26an Bilboko kaleak betetzeko deialdia egin zuten.

“Epaiketa politikoa” salatzeko Gernika-Lumon egindako agerraldia