Urtean "22.000 pertsona artatuko ditu" Gernikaldea zentroko larrialdi zerbitzuak
http://www.youtube.com/watch?v=p0Ygfiy5QsI&feature=c4-overview&list=UUBkCYfe62EL_1gPz5KYhyHg
Hilabeteak daramatza zabalik, baina oraindik ez ditu zerbitzu guztiak ematen. Gaur hasiko da martxan larrialdi zerbitzua, eta gaur bertan egin dute inaugurazioa. Jon Darpon Osasun sailburua, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia, eta Galdakao-Usansolo ospitaleko zuzendari kudeatzaile Jon Guajardo dira gaur Gernika-Lumon. Zentroa bertatik bertara ezagutu ostean esan dutenez, “urtean 22.000 lagun” artatuko dituzte Gernikaldea zentroko larrialdi zerbitzuan. “Zerbitzua hobetzea” eta “zerbitzu osatuagoa” ematea daukate helburu, eta urteko 365 egunetan eta 24 orduetan martxan izanik, “zerbitzuak herritarrengana hurbildu” gura dituzte. Jon Darponen esanetan, “Osakidetzaren zerbitzua handitzeko eta herritarrengana hurbiltzeko apustua” da gaur inauguratutako zerbitzua.
2013-2020 plana garatzen ari direla ere zehaztu dute, helburuetako bat berdintasuna dela azalduz. “Berdintasun horrek zerbitzuak gerturatzean ere datza, herritar guztiek larrialdi zerbitzua gertuago dutelako”. Gainera, pediatriako larrialdi zerbitzuak ere eskainiko ditu aurrerantzean Gernikaldea zentroak.
Zehaztutakoaren arabera, 36 lanpostu berri sortu dituzte. “Enplegu publikoaren aldeko apustua” egin dutela esan dute, “Gernika-Lumokoak Osakidetzaren barrukoak” izango direla argituz. Bestetik, Bermeoko eta Lekeitioko larrialdi zerbitzuak mantentzearen alde egin dutela esan dute.

