Iaz ez bezala, aurton, eguraldia lagun izan dute bermeotarrek asteburuan. Horren eraginez, Alde Zaharrean kokatutako Erdi Aroko azokan jende ugari bildu da. Iaz, euritan bueltatu ziren Erdi Arora, aurten, aldiz, berotan. Balorazio “positiboa” egin du Bermeoko Udalak, giro “oso ona” egon dela nabarmenduta. Udaletik azaldutakoaren arabera, “herri guztian ibili da jendea, baina batez ere Alde Zaharrean giro ederra sortu da”.
Aurreko urteen moduan, danbor hotsek girotu dute Bermeoko Alde Zaharra. Zapatuan, goiz eta arratsalde ibili zen kalejiran kale animazioa, eta domekan, barriz, goizez. Izaro Abesbatzaren kalejirak ere ez du aurton hutsik egin. Hainbat geldiune egin zituzten, eta abesbatzaren inguruan horien kantuak entzuteko asmoz bildutakoak ere hainbat izan ziren, herritarrak zein bisitariak. Arkuzko tiroaren taldea ere etenik barik ibili zen. Batez ere, umeak izan ziren probatzera animatu zirenak. Umeak, gainera, ondo pasatzeko aukera izan zuten azokaren baitan jarritako oholezko jokoetan.
Zapatua arropa zaharrak atera eta mozorrotzeko eguna izaten dute bermeotarrek, aurten ere jendea mozorrotzera animatu dela aipatu dute udaletik, hala ere, aurrekoetan baino “gehiago edo gutxiago” ezin dutela zehaztu diote, “zaila baita kalkulatzea”.
Bestalde, ohi legez, 60 saltoki ingurutan, produktu ugari erosi ahal izan dute asteburuan Bermeora hurbildu diren guztiek. Dastaketarako aukera ere izan da. Oraindik ere salmenten balorazio orokorra ez dute egin, baina lehenengo balorazio “arin batean” postuetako saltzaileak “pozik” agertu direla jakinarazi dute.
Zapatu arratsaldean, barriz, giroa zabalduta, Portuzarrean musika ipini zuten.