1913a urte nahasia izan zen Gernika-Lumon. Urte horretan, Eibarko langileak bertoko herrira heldu ziren, XX. mende hasierako pentsaerak eskualdera ekarriz. Hala, Gernika-Lumon bi munduren arteko talka eman zen: bertoko gizarte tradizionalak eta Eibarko gizarte librepentsalariak elkar jo zuten. Talka horren adibidea da, esaterako, 1913an Gernika-Lumora etorritako Eibarko langileek egin zuten greba. Gertaera hori eskualdeko historia industrialaren lehen protesta izan zen.
Gaur egun ere, Busturialdeko industrializazioaren lehen pausoak ahanzturan daude, eta bertoko biztanle gehienek ez dute horren berri. Arazo horri irtenbidea emateko asmoagaz, Banarte antzerki konpainiak
Guernica 1913 antzezlana sortu du, eta zapatuan Gernika-Lumon estreinatuko dute lana. Sardo Irisarri zuzendari eibartarrak azaldu duenez, “Espainiako historia zehatz mehatz ezagutzen dugu, baina gure herriko historia erdi galduta dago”. Hala,
Guernica 1913 antzerkiaren helburu nagusia bertoko historia ezagutaraztea da, emozioak azaleratuz.
Antzerkia bereziki zirraragarria izango da gernikarrentzat, baina gainontzeko herrietako biztanleek ere gozatuko dutela deritzo Irisarrik. Haren berbetan, Gernika-Lumon gertatutakoa, Euskal Herriko eta munduko beste leku batzutan eman zen. Gainera, gizabanakoaren arazoak antzekoak izaten jarraitzen dutela uste du zuzendariak. Hortaz, 1913an girotutako obra izan arren, gaur egungo problematikei buruz ere egiten du berba.
Zapatuan estreinatuko dute Lizeo Antzokian
Banarte antzerki taldeak zapatuan estreinatuko du
Guernica 1913 lana. Lizeo Antzokian izango da ikuskizuna, 20:30etik aurrera. Lizeoko bazkideek sei euro ordaindu behar dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, zortzi euro.